Mutrikuko Udalaren
2018ko aurrekontua 6.351.616 eurokoa izango da; iazkoa baino ia 300.000 euro gehiagokoa. Eta gauzatuko den proiektu handiena Egañeko frontoiarena izango dela nabarmendu dute. Frontoi irekia estali egingo dute aurten, eta horretarako, 250.000 euro bideratuko dituzte iazko aurrekontuen gerakinetatik. Pilotalekuaren proiektuaren idazketa egiteko, bestalde, 18.150 euro bideratuko dituzte.
Udalak agertu duenez, aurtengo inbertsiorik handienak, oro har,
iazko aurrekontuaren soberakinetatik egingo dira. Gerakin horretatik, besteak beste, komentuaren teilatua konpondu (100.000 euro) edota Urasamendi auzoko mendi magala egonkortuko dituzte (45.000 euro). Dentici fabrika zegoen tokian, berriz, aparkalekua egingo dute. Eraikina bota eta tokia txukuntzen 40.000 euro inbertituko ditu udalak. “Brigadakoen biltegi modura erabiltzen zen eraikin hori, baina Mijoa industriagunean pabilioi bat erosi dugu horretarako”. Pabilioa erostera 310.000 euro bideratu dira. “Iaz 110.000 euro ordaindu genituen, eta aurten eta hurrengo hiru urteetan, 50.000 eurona ordainduko ditugu”.
Aurtengo beste berritasun batzuen artean, berriz, su artifizialak izango dituzte Malen jaietan, hamar urte eta gero. Horretarako, 6.000 euro bideratuko dituzte. “Berdeak Independenteak taldeak egindako eskaera izan da honakoa”.
Desadostasun ugari. Aurrekontuari dagokionez, berriz, aurten ere alkatearen kalitatezko botoarekin onartu da. EAJko sei zinegotziak aurrekontua onartzearen alde agertu ziren, eta EH Bilduko sei zinegotziak, berriz, aurka. Berdeak Independenteak taldeko ordezkari bakarra, azkenik, abstenitu egin zen. Bi aldiz egin zen boto zenbaketa, eta berdinketa eman eta gero akordiorik lortu ez zenez, alkatearen kalitatezko botoarekin onartu zen aurrekontua.