Mutrikuko 23. Berdel Eguna egitarau aberats eta zabalarekin dator. Antolatzaileek hainbat ekitaldi antolatu dituzte, eta horien artean, berritasun bezala, artisau eta sortzaileen azoka egingo da, Eixu artisau elkartearen laguntzarekin. Bihar [martxoak 24] goizean Goiko plazara gerturatzen direnek, hain zuzen ere,
hamalau erakusmahai izango dituzte eskura.
Herrian guztiz sustraitua dagoen jaiak berdelaren ezaugarri gastronomiko eta osasungarriak ezagutzera emango ditu beste behin ere, eta horretarako, eguna bera aurrera ateratzea ahalbidetzen duten boluntarioen eskutik prestatutako
20.000 pintxo banatuko dira.
Mutrikuko Berdel Eguneko lau boluntario, iazko pintxo banaketan
Ohi bezala, berdel pintxo dastaketa herrikoia egingo da bihar arratsaldean moilan, eta bertaratzen direnek hainbat eratara prestatutako berdela probatzeko aukera izango dute. Aurtengoan
bederatzi errezeta “bikain” dastatu ahal izango dira: berdel pintxoa pikillo piperrekin, berdela xixa saltsarekin, berdela barazki eta bexamelarekin, berdel pizza, berdel surimia, berdel piparrada eta berdel budina.
[EGITARAUA ikusgai]
Horrez gain, portuan bertan erretako 5.000 berdel garau eta 1.000 bat marmitako garau banatuko dira. Arratsaldean ez eze, eguerdian ere berdel pintxoak dastatzeko aukera zabala egongo da herriko tabernetan.
Kirol jarduera ugari. Berdela dastatzeaz gain, beste hainbat ekintzaz gozatzeko aukera ere ekarriko du Berdel Egunak. Hainbat kirol jarduera egongo dira, besteak beste, gaur [martxoak 23] eta bihar. Gaur, esate baterako, zesta-puntako GRAVNI txapelketa jokatuko da, eta bihar, bestalde, Mutrikuko 13. Belaontzien arteko txapelketa eta Zesta-punta Berdel Txapelketa ere jokatu dira.
Kirolaz gain, musika entzuteko aukera ere egongo da bihar Mutrikun. Goizean, urtero bezala, Mutrikuko abesbatzaren kontzertua egongo da, eta pintxo jana amaitu ondoren portuan jarraitzen dutenek Guda Dantza talde bizkaitarraren doinuekin gerriak astintzeko aukera izango dute.
Aurtengo egitaraua