Merkatu plazan ere, arrakastaz
23. Berdel Eguna ospatu zuten zapatuan, Mutrikun. Goizetik hurbildu zen jendea berdelari lotutako jaia ospatzera. 15.000 pintxo prestatu dituzte aurten.Eguraldi txarra iragarrita zegoela eta, portuan ospatu ohi den berdel pintxo dastaketa lekuz aldatu ...
23. Berdel Eguna ospatu zuten zapatuan, Mutrikun. Goizetik hurbildu zen jendea berdelari lotutako jaia ospatzera. 15.000 pintxo prestatu dituzte aurten.
Eguraldi txarra iragarrita zegoela eta, portuan ospatu ohi den berdel pintxo dastaketa lekuz aldatu behar izan dute aurten. Hala ere, 23. Berdel Egunak ez du galdu urteroko giro onik. Goizetik gauera, jendez bete zen zapatuan Mutriku, berdelaren inguruko jaia ospatu asmoz.Eixu artisau elkarteak antolatutako artisau eta sortzaileen azoka egon zen goizean, eta aterruneak aprobetxatu zituzten Txurruka Plazaren bueltan egon zirenek postuak lasai ikusteko. Belaontzien Txapelketa bertan behera geratu zen, ez, ordea, Mutrikuko abesbatzen kontzertua. Zabiel Plazan ezinezkoa zutela abestea eta, Santa Katalina Komentuan eskaini zuten emanaldia. Anaiarte Abesbatzak, Kantuz Bizik eta Maddalen eta Ma- ddalen Txikik hiruna kanta abestu zituzten lehenengo, eta beste bi, guztiek batera, amaitzeko.
Dastaketa
Bederatzi era ezberdinetara dastatu ahal izan zen zapatuan, berdela: Urgain jatetxeko Xabi Osak prestatuta, pikillo saltsan; San Juan jatetxeko Justo Pagolak prestatuta, xixa saltzan; Azkenetxe Ristoranteko Tonik prestatuta, pizzatan; Pikua jatetxeak prestatuta, bexamela eta berdurekin; Mari Jose Arrieta eta Feli Soraluzek prestatuta, piperradan; Javier Mendigurenek prestatuta, txaka eran; Valentin Zumalabek prestatuta, puddingean; Etxekalte, Ziñua eta Hogar del marinero elkarteek prestatuta, marmitakoan eta parrilan erreta.
1.600 kilo berdel erabili dituzte aurten 15.000 pintxo inguru prestatzeko. Antolatzaileek azaldu dutenez, 800 kilo egosi egin zituzten, eta beste guztia freskoa izan zen. «Pozik gaude dastaketa aurrera atera ahal izan dugulako. Jende asko etorri da goizetik Mutrikura, eta taberna eta jatetxeak ere beteta egon dira», esan zuten.
Beheko Plazan prestatu zuten berdela erreta, eta azpiko merkatuan pintxoak, eta beti bezalako begirunearekin prestatu eta zerbitzatu zituzten mokadutxoak boluntarioek. Berehala desagertu ziren guztiak erretiluetatik.