Aberriaren aldarriari eutsiz
Aberri Eguna ekitaldiz bete dator aurten ere. Bermeoko Udalak ekitaldi instituzionala egingo du. Bilbora eta Iruñera joateko deia egin dute alderdiekUrtero bezala, Aberri Eguna ospatuko dute Euskal Herriko hainbat txokotan. Alderdi politikoek Iruñean...
Aberri Eguna ekitaldiz bete dator aurten ere. Bermeoko Udalak ekitaldi instituzionala egingo du. Bilbora eta Iruñera joateko deia egin dute alderdiek
Urtero bezala, Aberri Eguna ospatuko dute Euskal Herriko hainbat txokotan. Alderdi politikoek Iruñean eta Bilbon antolatutako ekitaldietara joateko deia egin dute, baina Lea-Artibain eta Busturialdean ere egongo da ospatzeko aukerarik.Bermeoko Udalak, esaterako, ekitaldi instituzionala egingo du. 12:00etan batuko dira Goiko Plazan; Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek adierazpen instituzionala irakurriko du. Herritarrei parte hartzeko deia egin die alkateak, «euskaldun guztiak batzea baitu helburu egun horrek». Horrez gain, ikurrina etxeko balkoi eta leihoetan jartzeko deia ere egin dute.
Ohi duten modura, ospakizunak izango dituzte hainbat batzokitan ere. Lekeition, urtero bezala, ikurrinaren igoera eta mitina izango dituzte 13:00ean hasita. Bestalde, 12:00etan udaletxeko eskaileratan elkartzeko deia egin du Lekeitioko EH Bilduk. Lumentza mendira igoko dira ondoren.
Menpekotasunetik askatasunera burujabe hobe lelopean antolatu du aurtengo Aberri Eguna Iruñean Independentistak Sareak. Manifestazioa 12:00etan abiatuko da Sarasate pasealekutik, toki berean amaitzeko. Ondarroatik autobusa antolatu dute Iruñeako Aberri Egunera joateko. Zaldupetik irtengo du autobusak 09:30ean; Anaitasuna eta Kulixka tabernetan eman behar da izena .
EAJk Bilboko Plaza Barrian ospatuko du Aberri Eguna domekan, Gure etorkizuna, gure aberria lelopean. Ekitaldia 11:30ean hasiko da, eta jakinarazi dutenez, bertan egongo dira, besteak beste, Andoni Ortuzar EBBko lehendakaria eta Iñigo Urkullu lehendakaria.
Aldarrikapen sozialak izango dira Podemos Euskadiren Aberri Egunaren ardatza. Ekitaldi politikoa egingo dute Bilbon, subiranotasuna gizarte alorrean aldarrikatzeko. Gure eskubideen jabe! Eskubide sozialek herrialdea eraikitzen dute lelopean, hitzaldia antolatu dute La Morada egoitzan, 11:30ean.