Ondarroako Udalak kirol arloko gairen bati buruzko ikerketa egiteko eskaintzen duen beka Mikel Santisorentzat Mikel Dieguezentzat izan da aurten. Bi ondarrutarrek aurkeztutako
Kresaletatik, atezainak izeneko proiektua beka jasotzeko eskaria egin duten hiru hautagaietatik onena izan da.
Bekaren irabazleek aste honetan jaso dute Ondarroako Udalaren adierazpen ofiziala, eta irailera arteko epea izango dute gaiaren inguruko ikerketa egiteko. Ostean, aurkezpen publikoa egingo dute.
Santisok eta Dieguezek adierazi dutenez, hasiak dira dagoeneko lanketarekin, baina gai batzuetarako
herritarren laguntza beharko dutela aitortu dute . “Informazioa, argazkiak eta bitxikeriak jasotzeko herritarren laguntza beharko dugu. Gauza asko gertatu dira herrian futbolarekin eta atezainekin zerikusia daukatenak, baina inon jasota ez daudenak”.
Mikel Dieguez eta Mikel Santiso, Zaldupen
Bekaren bi egileen asmoa ahalik eta ikerketa lan osotuena egitea da, eta horretarako informazioa, argazkiak edo aipatzeko zerbait duenarentzat
mikelsantis@gmail.com helbide elektronikoa jarri dute erabilgarri. Herritarrei daukaten materiala (informazioa, argazkiak, datu bereziak…) bertara bidaltzeko eskatu diete. “Daturik txikiena ere berezi bihurtu daitekeela” esan dute.
Goiko mailetara ailegatu diren atezain ondarrutarrez gain, garrantzia eman nahi diete baita ere urteetan Aurrerakoak izan diren atezainei eta baita herrian garrantzitsuak izan diran hondartzako futbolean eta futbiton aritu diren atezainei. Horiei buruzko materiala batzeko laguntza eskatu dute gehienbat.