Picassoren lana, inspirazio iturri
Gernika-Lumoko bonbardaketan oinarritutako 'La Bestia indomable' aurkeztu zuen atzo Felipe Alarcon artista kubatarrak. Bere lana maiatzaren 8ra arte egongo da ikusgai, Kultur Etxeko erakusketa aretoan.Inspirazioa beharrezkoa da edozein artistarentzat, ...
Gernika-Lumoko bonbardaketan oinarritutako ‘La Bestia indomable’ aurkeztu zuen atzo Felipe Alarcon artista kubatarrak. Bere lana maiatzaren 8ra arte egongo da ikusgai, Kultur Etxeko erakusketa aretoan.
Inspirazioa beharrezkoa da edozein artistarentzat, teknikaz haratago, zer landu erabaki behar duelako, eta batzuetan hori izaten da lanaren adierazgarriena bezain zailena; zer eta nola margoztearen erabakia, alegia.Badira gerraren tragedia margoztu izan duten artistak, Picasso da ezagunena eskualdean. Malagan (Andaluzia, Espainia) jaiotako artistak margoztu zuen Guernica, eta lan hori da Felipe Alarcon artista kubatarraren inspirazio iturria.
Iaz, Picassoren lanaren 80. urteurrenaz ohartuta, bonbardaketaren inguruan dokumentatzen hasi zen Alarcon. Tarte horretan, gainera, Ricardo Abaunza Gernika-Lumoko Kultur Etxeko zuzendaria artistagaz hartu-emanetan jarri zen, eta bonbardaketaren 81. urteurrenera begira Gernika-Lumoko bonbardaketan oinarritutako bilduma egitea adostu zuten.
Kubismoaren eta surrealismoaren teknikak erabilita, Picassoren lanaren perspektiba garaikidea ematea lortu duen bilduma egin du; Kultur Etxean egongo da ikusgai, maiatzaren 8ra arte.
Gernika, la bestia indomable deituriko bilduma 23 margolanek osatzen dute. Urtebeteko lanaren emaitza den erakusketa bere osotasunean aurkezten den lehen aldia da honakoa. Bertan, errekurtso tekniko asko ikus daitezkeen margolanak aurki daitezke; ohikotasuneko teknika zein materialak alde batera uzten dituena.
Espainian 20 urte daramatza Kubako artistak, eta zenbait bakarkako sari jaso ditu Europa eta Estatu Batuetako hirietan.
Gernika-Lumoko bonbardaketan oinarritutako erakusketa apirilean izatea «ezinbestekoa» ikusi zuten artistak eta Kultur Etxearen zuzendariak: «Beharrezkoa zen lan hau apirilean eta Gernika-Lumon aurkeztea, hilabete hori oso berezia izaten baita herrian».
Alarconi gaztetatik iruditu izan zaio Picassoren lana «oso interesgarria», eta hori jakinarazi du aurkezpenean: «Picassoren lanek ikasle garaian markatu egin ninduten, eta Espainiara iristean, Gernika-Lumoren bonbardaketaren berri izan nuen».
Apirilaren 26an gertatutakoa aztertuta eta bonbardaketaren inguruko dokumentazio lanak eginda, Gernika-Lumo hil ez den herri bat dela azaltzeko, metafora bat egin du Alarconek: «Bonbardaketa gainditu izatea piztia baten bizitasunagaz erlazionatzen dut nik. Gernikan bizitasuna agerian dagoelako, eta giro ederra nabaritzen delako egin dut piztia eta herri biziaren arteko metafora».
Herria piztiagaz alderatu ez ezik, Picasso bera ere horrela definitzen du Alarconek: «Picasso piztia bat da, egin zuen margolanak herritarren mina islatzea lortu zuelako».
Picassok Guernica margolanagaz islatzea lortu zuena azpimarratu nahi izan du artistak bere lanean. Horregatik, «herritarren mina» eta «bizipena» bere lanean sartzen saiatu dela aditzera eman du.
Erakusketako obrak
Picassok margotutako «herritarren minaz» gain, gaur eguneko ezbeharrak «presente» eduki ditu artistak bere lanak egiteko orduan; Bartzelonan (Katalunia) gertatutako atentatuaren gertaera, adibidez.
Gaur egungo gatazkak kontuan izan dituen arren, erakusketa «Gernika-Lumoko herriari zuzendutako omenaldia» dela adierazi du, «ezbeharretik altxatzearen» eredu delako. Baita Picassori, «XX. mendeko artista esanguratsuena» izatearren.
Lan guztiak «bereziak» dira Alarconentzat, baina lanik handiena azkenak eman diola jakinarazi du; bildumako obra guztiek transmititzen dutena «bildu» duelako horretan.
Bildumako lan bakoitzak bonbardaketako momentu jakin bati egiten dio erreferentzia; baita Picassori ere. Herritarrak maletak eskuan dituzten lanak beldurra adierazten du, alde egiteko nahia. Picassoren aurpegiak, berriz, bonbardaketaren errealitatea irudikatu zuenari egiten dio erreferentzia. Eta, azkenengo lanean, herriaren «susperraldia» irudikatu du artista kubatarrak, bonbardaketatik aurrera atera den herriari omen eginez.