Arkaitz Galindez, hirugarrena, Ultra Trail Enkarterri Extrem proban
85 kilometroko mendi lasterketa 10.56.35 denboran osatu du Markina-Xemeingo bizilagunak. Lesio baten ondorioz ultra trailak egin barik egon da ia urtebetezIa urtebete ultra trail probarik egin barik egon ostean, podiumera igotzea lortu du berriz ere, A...
85 kilometroko mendi lasterketa 10.56.35 denboran osatu du Markina-Xemeingo bizilagunak. Lesio baten ondorioz ultra trailak egin barik egon da ia urtebetez
Ia urtebete ultra trail probarik egin barik egon ostean, podiumera igotzea lortu du berriz ere, Arkaitz Galindez Aizkorreta Markina-Xemeingo bizilagunak. Euskal Herrian lehiatuko diren lehen ultra lehiatu zen zapatuan Zaramillotik hasita, eta hirugarren postua eskuratu zuen Galindezek Ultra Trail Enkarterri Extrem 85 kilometroko mendi lasterketa 10.56.35 denboran osatuta.Iazko irabazle Raul Macarrok eta Juan Perezek hartu zuten aurrea hasieratik, eta hirugarren jarri zen Galindez. Ibon Hurtadogaz lehian laugarren ere joan zen momentu batean, baina 20 kilometroko tartea falta zela, bien arteko distantzia handitzea lortu zuen Galindezek, hirugarren postua eskuratuz.
Berriro martxan
Iaz denboraldia ondo hasi bazuen ere, min hartu zuen, eta ondo jartzea luze joan zaio. Hori dela eta, urte bete geldirik egon eta gero, irteeran zalantzak zituela aitatu du kirolariak, baina proba egiterakoan fisikoki ondo aurkitu zela azaldu du. «Hasieratik erritmo jarrai bat lortu eta nire lasterketa egitera atera nintzen, eta gustura ibili nintzen. Gozatu egin nuen, eta hankagaz ondo sentitu nintzen».
2018rako aurreikusita daukan egitarauko lehen ultra izan zen zapatukoa. Horrez gain, lasterketa motzagoak egin ditu, «bizitasuna eta abiadura hartzeko». Horrela, Sodupe Negu lasterketa egin zuen urtarrilean, Apuko Igoera otsailean, eta Kantabriako Gurriana Trail proban parte hartu zuen martxoan. Azaldu duenez, hiru helburu nagusi ditu jarrita aurtengo urterako: Ehunmilak Ultra Trail, Bocineros-Deiadar Xtreme eta Hiru Haundiak. Tartean, beste lasterketa batzuk ere egingo ditu, «hiru horietara oinarri on bategaz eta ziurtasun bategaz heltzeko». Hala ere, lasterketaz lasterketa joango dela azpimarratu du. «Joaten naizen lasterketa guztietara gozatzera joango naiz, eta emaitzak badatoz, ondo. Urte gogorra izan zen iazkoa, eta osasuna kontuan hartu eta ahal den neurrian lesiorik ez izaten saiatuko naiz».
Hurrengo kirol hitzordua hilabete barru izango du Galindezek, Valdeporresko (Burgos, Espainia) Runelatrail proban.