Gernika RTk garaipenagaz amaitu du denboraldia
Gernika-Lumoko taldeak 21-19 irabazi dio La Unica Rugbyri, Euskal Ligaren azken partiduan. Entrenatzaileak ez du taldean jarraituko, eta haren lana eskertu duteGernika Rugby Taldeak Euskal Ligaren azken partidua etxean jokatu zuen zapatuan, eta 21-19 i...
Gernika-Lumoko taldeak 21-19 irabazi dio La Unica Rugbyri, Euskal Ligaren azken partiduan. Entrenatzaileak ez du taldean jarraituko, eta haren lana eskertu dute
Gernika Rugby Taldeak Euskal Ligaren azken partidua etxean jokatu zuen zapatuan, eta 21-19 irabazi zion La Unica Rugbyri.Liderraren kontra garaipena lortuta denboraldia amaitzeagatik pozik daude basurdeak, eta denboraldiaren balorazio ona egin dute: «Poztasun itzela daukagu. Bigarren denboraldia izan da guretzat, eta egindako lanagaz harro gaude». Euskal Ligaren sailkapenean, La Unica Rugby talde nafarrak lehen postuan amaitu du denboraldia, 24 puntugaz. Hiru puntu gutxiago lortu ditu Avia Eibar Rugbyk. Gernika RTk hirugarren postuan amaitu du, 7 puntugaz, eta puntu bat gutxiagogaz Escor Gaztedi geratu da laugarren.
Jarrera lehiakorra
Denboraldiko partidu guztietan «aurpegia eman» dutela argi daukate basurdeek, eta egindako lanagaz lortutako emaitzetan entrenatzaileak zeresan handia eduki duela diote. Hala, Asier la Torreren lana nabarmendu eta eskertu dute: «Ez du taldea zuzentzen jarraituko, eta bere laguntza eta babesa eskertu nahi ditugu. Bera barik ez ginen helduko gauden lekura».
La Unicak jokalari hasiberrienekin ekin zion lehiari, baina azken momentuan, aldaketak egin zituen. «Azken unean zazpi aldaketa egin zituzten, gu jokalari gutxiago ginenez, ez genuen aldaketak egiteko ia aukerarik. Azken minutuetan nekea igarri, eta azken jokaldietan estualdi bat baino gehiago izan genituen», esan du Lukene Uriarte Gernika RTren kapitainak.
Goirik hiru entsegu egin zituen. Lehenengoa talde guztiaren lanaren fruitua izan zela adierazi du kapitainak: «Oso jokaldi polita izan zen. Denok parte hartu genuen». Bigarren entsegua Goirik bakarrik lortu zuen; jokaldi guztia berak egin zuen, eta hirugarrena ere zelai erditik aurrera bere merituz gauzatu zuen. Denboraldian egindako lana sarituz, amaieran, urteko taldeko jokalari onenaren saria jaso zuen Goirik.
Denboraldia amaituta, entrenatzen jarraituko dute, eta eskualdeko neskak eurekin entrenatzera animatu dituzte.