Mutrikuko Samikolla azpiko malda egonkortzeko proiektua idazten ari dira
Malda urtarrilaren bukaeran hasi zen amiltzen, eta orduz geroztik, beste hainbat lur jausi ere egon dira. Proiektua egiteko 15.000 euro bideratu dituzte. Udalak gaiaren inguruko kezka agertu duUrtarril bukaeran Samikolla ermitaren azpiko malda amiltzen...
Malda urtarrilaren bukaeran hasi zen amiltzen, eta orduz geroztik, beste hainbat lur jausi ere egon dira. Proiektua egiteko 15.000 euro bideratu dituzte. Udalak gaiaren inguruko kezka agertu du
Urtarril bukaeran Samikolla ermitaren azpiko malda amiltzen hasi zen, eta orduz geroztik Burumendi hondartzara doan bidearen zati bat itxita dago, herritarren segurtasuna bermatzeko. Jose Angel Lizardi Mutrikuko alkateak adierazi duenez, malda egonkortzeko proiektua idazten ari dira.Azterketa geologikoa egiteko, hain zuzen ere, 15.000 euro bideratu ditu udalak aurtengo aurrekontutik, eta lanak, berriz, iazko gerakinetatik ordainduko dituztela azaldu du Lizardik. «Proiektu hori gauzatu, eta txostena ekartzen diguten momentuan, hor egin behar diren lanak lizitatu beharko dira».
Alkateak gaineratu duenez, aurrekontua onartu eta «hurrengo egunean bertan» ipini zen proiektuaren arduradunekin harremanetan, proiektua lehenbailehen idazten hasteko eskatuaz. Udal ordezkariak proiektuaren arduradunekin harremanetan egon dira orduz geroztik. «Martxan hasita daudela esan digute, baina ez dakigu zenbat luzatuko den. Orain momentuan proiektua idazten ari dira, eta horrek erakutsiko digu zer jarduera burutu beharko diren gune horretan, eta horien aurrekontua ere».
Udala, bestalde, Eusko Jaurlaritzako Portu Zuzendaritzarekin ere egon da harremanetan azken asteotan. Izan ere, ez daki ziur lur jausia dagoen malda Portu Zuzendaritzaren edo udalaren ardura den. «Portu Zuzendaritzak lur horien ardura gurea dela esan digu, baina guk ezin dugunez lanen kostuaren ardura guk bakarrik hartu, eurei eskatu diegu laguntza. Harremanetan gaude, eta euren aldetik borondate ona dagoela dirudi. Proiektu horren aurrekontua zein izango den jakiten dugun momentuan Portu Zuzendaritzarekin jarriko gara harremanetan,eta lanak bion artean ordaintzeko modurik dagoen aztertuko dugu».
«Nahikoa ezegonkorra»
Lur jausia arrantzaleek arrantza aparioak gordetzen dituzten koloretako txabola parean dago. Eta lur gehiago jausteko arriskua zegoela ikusita, udala lehen lur jausia egon eta egun gutxira ingurua ondo ezagutzen duen geologo batekin jarri zen hartu-emanetan. «Geologoa bertan egon zen, eta malda garbitu beharra zegoela esan zigun, lurraren inguruko azterketa hobeago bat egin ahal izateko. Hain zuzen ere, Urasamendiko lanak egiten ari den enpresa berak egin ditu garbiketak. Proiektua hasteko garbiketa egiteko premia handia zegoenez, han lanak hasi baino lehenago hona lurrak garbitzera etortzeko agindu genien. Lurra garbitu eta beste behaketa bat egin ondoren, proiektu sendoago eta azterketa zehatzago bat egin beharra zegoela aipatu zigun geologoak».
Udalak aitortu duenez, gainera, Samikolla azpiko malda «nahikoa ezengonkorra» da. Urtarrilaz geroztik, tarteka lur gehiago ere amiltzen joan da. «Ez asko, baina pixkanaka joan da lurra mugitzen, eta harri batzuk ere erori dira».
Udalak jakitera eman duenez, malda amiltzen hasi aurretik ere, tarte hori egonkortzeko interesa bazuen udalak. «Hor behean arrantzaleen txabolak daude. Portu Zuzendaritzak txabola horiek berregokitzeko proeiktu bat du esku artean, baina handik eta malda hori ondo egonkortu arte, lan horiek ez direla egingo esan ziguten».
Bertakoak, arduratuta
Udal ordezkariak aipatu dutenez, gaiarekin kezkatuda daude. «Urtarriletik hona nahikoa euri egin du, eta hurrengo egunotan ere euri asko egingo duela aurreikusten da».
Udal ordezkariak ez eze, lur jausiaren alboan dagoen etxeko bizilagunak ere kezkatuta daudela azpimarratu du alkateak. «Orain dela urte batzuk beste lur jausi bat egon zen etxe beraren atzean. Lurra egonkortu eta sare dinamiko bat ipini zen etxe atzean, eta, horrenbestez, sareak eusten ditu etxe atzera amiltzen diren harriak eta lurra». Eta lur jausia etxe ondoan baldin badago ere, etxeari zuzenean kalterik ez diola egingo uste du udalak. «Beheko etxea ez du pare-parean harrapatzen, baina hori ezin dugu ziur jakin, beti egon liteke-eta arriskua. Kezka handiena beheko etxeetakoek sortzen digute; lurra amiltzen bada, lehen egonkortuta dagoen zatiari ere eragin diezaioke eta. Gure aldetik, lur jausiaren eboluzioaren jarraipena egiten ari gara; malda hori egonkortzea da udalaren lehentasunetako bat, bertan bizi direnentzat eta handik paseatzen dutenen segurtasuna bermatzeko».
Bestalde, Samikollako ermita aurre-aurretik dago lurra moilara amiltzen, baina, ustez, ez dago goiko etxeentzako arriskurik.