172.130 kilo hondakin organiko birziklatu dituzte, Gernika-Lumon
%7ko igoera izan du birziklatze tasak azken urtean. Udalerriko 707 familik burutu dute hondakin organikoen birziklatzea. 702.706 kilo kartoi eta paper bildu dituzteGernika-Lumoko birziklatze tasa %7 igo zen iaz 2016. urteagaz alderatuta; udalerrian %22...
%7ko igoera izan du birziklatze tasak azken urtean. Udalerriko 707 familik burutu dute hondakin organikoen birziklatzea. 702.706 kilo kartoi eta paper bildu dituzte
Gernika-Lumoko birziklatze tasa %7 igo zen iaz 2016. urteagaz alderatuta; udalerrian %22 birziklatu zen 2016an, eta %29, berriz, 2017. urtean.172.130 kilo hondakin organiko batu ziren, 2016an baino 162.000 kilo gehiago. Urte hartan, 9.490 kilo besterik ez ziren batu, baina datu hori ez dela «esanguratsua» azaldu du Maria Uribe Ingurumenerako zinegotziak: «2016. urteko urrian ezarri zen birziklatze sistema berriagaz hasi zen hondakin organikoen bilketa, eta datu hori sinbolikoa da, beraz». Organikoen bilketa prozesua bi eratara egiten dela gaineratu du Uribek; edukiontzi marroiaren eta atez ateko bilketaren bidez.
Gernika-Lumoko bilketa zerbitzuaren «ahalegina» ere azpimarratu du zinegotziak, eta hondakin organikoak birziklatzeko udalak egiten duen lana «handia» izan dela adierazi du: «Biztanle kopuru antzekoa daukaten Bizkaiko bi herrigaz alderatuta, Gernika-Lumon beste herrietan baino 100.000 kilo hondakin organiko gehiago batu ziren iaz. Beste herrietan, 70.000 kilo hondakin organiko batu zituzten guztira, eta gure herrian, aldiz, 172.000 kilo baino gehiago izan ziren».
Kartoi eta paper hondakinei dagokienez, 2017an 702.706 kilo bildu ziren herrian, 2016. urtean baino 223.000 kilo gehiago. Igoera hori kalean jarritako edukiontzien erabileraz aparte, udalerriko garbiketa zerbitzuak egiten duen lanaren «ondorioa» dela adierazi du Uribek: «Garbiketa zerbitzuak dendetatik biltzen ditu paper eta kartoi hondakinak, eta hori da hondakin horien igoeraren arrazoi nagusia».
Beiraren bilketa «selektiboan» izandako kontzientziazioa «adierazgarria» izan dela gaineratu du, eta 2016. urtean batutako 470.832 kiloetatik 527.329 kilora igo dela azpimarratu du. Kopuru horiek lortzeko Urriko Azken Astelehenean egindako kanpainak «eragin zuzena» izan duela adierazi du Uribek: «Atez ateko bilketa egin zen txosnetatik, postuetatik eta tabernetatik Urriko Azken Astelehenean. Bilketa hori ordu jakin batzuetan egin zuten garbiketa zerbitzukoek, eta batutako beirak hondakinen urteko neurketan igoera eragin zuen».
Olioaren kasuan, 2016an baino 11.130 litro gehiago bildu ziren 2017an, eta plastikoaren hondakinen birziklatzeak 15.047 kiloko igoera eduki zuen.
5. edukiontzia
Zarama bilketa zerbitzuagaz batera, Gernika-Lumoko Udalak hondakin organikoen bilketa selektiboa egiteko bosgarren edukiontzia jarri zuen martxan 2016. urtean. Sistema hori erabiltzeko, 707 familik izena eman zuten, eta birziklatzeko kit bat jaso zuten; edukiontzi bategaz batera, kaleko edukiontzia zabaltzeko giltza eta poltsa birziklagarria eman zitzaien. «Konpostaren kalitatea hobetu eta ingurumena hobetzeko ekimenera aurten auzokide gehiago batuko diren itxaropena daukat».
Kalean jarritako edukiontzi berriek eta hondakin sortzaile handien atez ateko bilketek osatzen dute 2016ko urrian ezarritako birziklatze sistema; eskola, egoitza eta jatetxeak dira, besteak beste, hondakin sortzaileak.
Igoeraren balorazio positiboa egin du Uribek: «Gernika-Lumoko hondakin organikoen bilketak lortu dituen zenbatekoak garrantzitsuak dira».