Azken egunotako denboraleak itsasoan ere eragina izan du. Gaur [apirilak 12], esaterako, Ondarroan arraina saltzen duten baxurako ontzi gehienak portuan lotuta egon dira. “Bateren batek irten du itsasora, baina gehienek geldirik egotea erabaki dute”, azaldu dute Ondarroako kofradiako arduradunek.
Oro har, itsasoan oso eguraldi eskasa dagoela nabarmendu dute;
olatu handia eta haize ufada aldakorrak daude. “Ontziek atzo [apirilak 11] itsasora irten zuten, baina goizean eguraldi eskasagaz bueltatzea erabaki zuten, ahal zuten modura porturatu ziren”. Aurreikuspenen arabera, bestalde, arratsaldetik aurrera eguraldiak hobera egingo duela dirudi. Horrela bada, baxurako ontziak iluntzean itsasoratuko dira.
Gaur, esaterako, eguraldi txarra dela eta,
mugimendu gutxi egon da portuan; bi ontzik bakarrik porturatu dute arraina. Amuko arrantzontzi batek kaela ale batzuk lehorreratu ditu, eta
Padre Tonino ontziak, berriz, antxoa ale batzuk. 135 kaela kaxa porturatu dituzte goizeko lehenengo orduan, eta arraina 1,5 eta 3,5 euro bitartean saldu da. Eguerdian, bestalde, 92 antxoa kaxa porturatu dituzte.
Baxurako arrantzaleak kaela pisatzen Ondarroako kofradia aurrean
Antxoari dagokionez, Landetako parean ari dira arraina harrapatzen,
kiloa 50-55 ale ingurukoa. “Urtero antxoa harrapatzen duten toki berean”. Kanpaina martxoaren 1ean hasi bazen ere, ez dute antxoa askorik arrantzatu orain arte. “Orain dela aste bi, egun batean edo bian, nahikoa antxoa saldu zen, baina orduz geroztik ez dute kopuru aipagarririk lehorreratu. Egia esan, eguraldiak ere ez du lagundu”.
Eta arrain eskasia dagoenez, nahikoa garesti saldu da. “Egun batean nahikoa antxoa asko eta txikia saldu zen, eta egun horretan 80 eta 90 zentimoan ere saldu zen kiloa. Harrez gero oso gutxi egon da, eta garesti saldu da: 6 eta 8 euro bitartean. Atzo esaterako [apirilak 11], 6 eta 8 euro bitartean saldu zen antxoa. 400 bat kaxa porturatu zituzten, lau ontziren artean”.
Kupo handiagoa. Berdeleta, berriz, amaitzen ari dela azpimarratu dute kofradian. “Ontzi bakarren batek 3 edo 4 tonako kupoa du oraindik, baina, orokorrean, ontzi gehienek kupoa amaituta daukate”. Egunotan Ondarroako kofradian saldu den berdela, batazbeste, euro baten inguruan saldu da.
Aurten berdel kuota iazkoa baino %20 txikiagoa izan da. Hau da, kanpaina hasieran ontzi bakoitzak 80.000 kilo arrantzatzeko baimena izan du. Bizkaiko Golkoan berdel asko egon da aurten, eta ontzi gehienek azkar amaitu dute kupoa aurten. Eta kostera zer edo zer luzatu ahal izateko, beste 12.000 kilo arrantzatzeko baimena ema diete ontzi bakoitzari. Hori ere azkar amaitu dela nabarmendu dute.