Herritarren iritzia batzeko inkesta banatuko dute
Udalaren ekimenez eta herritarren ekarpen eta parte hartzeari esker, herria adineko pertsonentzat lagunkoia izateko urratsak ematen jarraitzen dute Lekeition. Taldeetan antolatuta, herriaren eta herritarren beharrak aztertu zituzten joan den otsailaren...
Herritar bakoitzak bere etxean jasoko du inkesta egunotan, ekarpenak egin ahal izateko, eta betetakoan, udaletxean zein edozein udal eraikinetan entregatu ahalko du, bai eta herriko beste toki batzuetan Lekeitio Lagunkoia logoagaz horretarako jarriko dituzten buzoietan ere.
Jakitera eman dutenez, udal eraikinetan eta buzoiak dauden tokietan, eskuragarri egongo dira bai eta inkestak ere, bateren batek ale gehiago beharko balitu etxean jasotzen duenaz gain. Horrez gain, udalaren webgune eta sare sozialen bidez ere zabaldu dute inkesta, Lagunkoitasunari buruzko galde-sorta izenagaz, momentuan erantzunak bidaltzeko.
Denentzat ona
Maiatzaren 9ra arte egongo da ekarpenak egiteko aukera. «Ondoren ekarpenak batu eta landu egingo dira, eta ekainean emaitzen aurkezpen zabala egingo zaio herriari». Emaitzen arabera detektatutako arazoei irtenbidea emateko, ekintza plana diseinatuko dute, eta horretarako berriz ere, parte hartze prozesua zabalduko du udalak 2018ko azken hiruhilabetean.
Herria adineko pertsonekin lagunkoia izatea adin guztietarako izango dela onuragarria dio udalak. «Lekeitio egunerokoan bizitza errazten duten zerbitzu, harreman eta kaleak eskaintzen duen herria lortu nahi da». Hori dela eta, adin eta alor ezberdinetako eragile eta herritarrak animatu dituzte herria eraldatzeko prozesuan parte hartzera. Barandiaranen egindako ekimenetan, esate baterako, 62 pertsona batu zirela jakitera eman dute. «Aire zabaleko guneak eta eraikinak, garraioa, etxebizitza, sareak eta gizarte-laguntza, enplegua eta partaidetza, errespetua eta gizarteratzea, komunikazioa eta informazioa eta gizarte eta osasun zerbitzuak aztertu zituzten».