Mutrikuko Saturraran hondartzako dunak garbituko dituzte etzi
Ekimena estreinako egingo da, Eguzki talde ekologistaren ekimenez. Antolatzaileek eurek eramango dute garbiketa egiteko beharrezko materiala. 17:00etan ipini dute orduaOndarroako Eguzki talde ekologistaren ekimenez, Mutrikuko Saturraran hondartzako dun...
Ekimena estreinako egingo da, Eguzki talde ekologistaren ekimenez. Antolatzaileek eurek eramango dute garbiketa egiteko beharrezko materiala. 17:00etan ipini dute ordua
Ondarroako Eguzki talde ekologistaren ekimenez, Mutrikuko Saturraran hondartzako dunak garbituko dituzte etzi auzolanean. Garbiketan lagundu nahi dutenek hitzordua jarrita daukate: 17:00etan batuko dira Saturrarango egurrezko zubiaren parean. Talde ekologistak dunak garbitzeko antolatu duen lehen ekimena izango da zapatukoa.Salatu dutenez, hondarrezko dunak plastikoz beteta daude, eta zikinkeria pilatzen hasi dela ikusirik, garbitzea erabaki dute. «Aurreko astean gure taldeko bat Saturraranera joan zen, eta tokia nahikoa zikina ikusi zuenez, auzolanean garbitzea erabaki dugu. Dunek ekosistema berezia gordetzen dute, eta horiek birsortzen laguntzeko gure aldetik ere zerbait egin beharra dagoela iruditu zaigu».
Ekimenagaz, gainera, jendea kutsaduraren inguruan kontzientziatu nahi dute. «Hondartzan edo inguruetan jaurtitzen diren plastikoek, azkenean, itsasoan amaitzen dute. Urtero tona piloa pilatzen da itsasoan, eta, azkenean, horrek jaten dugunean ere eragin zuzena dauka. Arrainen urdailetan, esate baterako, gero eta plastiko gehiago aurkitzen dituzte».
Eguzkikoek eurek jarriko dute garbiketa egiteko beharrezko materiala. «Poltsak eta eskularruak guk banatuko dizkiegu bertaratzen direnei. Ez da beste ezer ekarri beharko, gogoa besterik ez».
Eguzkikoen iritziz, dunak oso toki interesgarriak dira, ekosistema oso berezia daukatelako. «Bertako landareak bakarrik hortxe sortu daitezke, eta naturarentzako balio handia dute». Azken urteotan dunak berreskuratzeko plan bat ipini dute Mutrikuko hondartzan, eta horri esker, babestutako tokia sortzea lortu da. «Gure kostaldean dunak desagertuta egon dira. XX. mendearen erdialdean asko desagertu egin ziren, gehiegizko turismoaren eraginez, eta horiek pixkanaka-pixkanaka berreskuratzen ari dira».