Udalak Gaztelugatxeko plangintzaz aritzeko bilera egingo du, apirilaren 18an
Aldundiak 85 jarduketako proposamena idatzi du. «Inguru naturala babestearen garrantzia» azpimarratu du Idurre Bideguren alkateak. Sarrera bat ordaintzea proposatu duteSan Juaneko Gaztelugatxerentzat aurkeztutako plangintzari buruz eztabaidatzeko bat...
Aldundiak 85 jarduketako proposamena idatzi du. «Inguru naturala babestearen garrantzia» azpimarratu du Idurre Bideguren alkateak. Sarrera bat ordaintzea proposatu dute
San Juaneko Gaztelugatxerentzat aurkeztutako plangintzari buruz eztabaidatzeko batzar bat egingo du Bermeoko Udalak herritarrekin, apirilaren 18an. Bilera Nestor Basterretxea Aretoan egingo dute, 19:00etan. Bertan, herritarrek euren zalantzak, iritziak eta ekarpenak egiteko aukera edukiko dute.Bizkaiko Foru Aldundiak aurkeztu zuen plangintza, era koordinatu batean Bizkaiko udalerriak sustatzeko. Turismoa eta jarduera ekonomikoak ekartzeko, proiektu erkide bateko elementu nagusi bilakatu dute Gaztelugatxe.
Aldundiaren proposamenean bost arlo azaltzen dira: estrategia turistiko-kultural baten diseinua esperientzia bakarra sortaraztea; Gaztelugatxeren inguruan mugikortasuneko eta irisgarritasuneko konponbideak garatzea; komunikazio estrategia bat egituratzea; biotopo babestua kontserbatzen lagunduko duten ekimenak abian jartzea eta enklabearen kudeaketa antolatzea. Arlo horiekin lotuta dauden 85 jarduketa idatzi dituzte; horien artean, sarbideen kontrol sistema bat jartzea.
Aste Santuan, esate baterako, bisitaren esperientzia hobetzeko hiru gune jarri zituzten: lehenengoa Gaztelugatxera Eneperitik iristeko aparkalekuan kokatu zuten, bigarrena Ermuko sarbidean eta hirugarrena baselizara igotzeko eskaileren sarbideko esparruan. Hauetan esparru babestuari buruzko informazioa eskaini zuten.
Halaber, epe ertain eta luzera burutzeko ekintzak ere aipatu ditu aldundiak: inguruko zirkulazioaren antolamendua eta baretzea bideratuko dituen biribilgu bat eraiki, eta aparkalekuak hobetu eta handitzea, 370 lekutatik 500 lekutara igaroz. Atxulotik Eneperiraino eta handik Matxitxakoko itsasargiraino eta Bermeoko herriagaz bat eginda Bakioraino iristen den bidea seinalizatu eta konpontzeko asmoa daukate, baita Gaztelugatxe bisitatzeko erreferentzia izango den bilgune bat eta enklabe horren gobernantzarako eredua definitzekoa ere. Azkenik, Interes Kulturaleko Ondasun izendatzea bilatuko dute.
Idurre Bideguren Bermeoko alkateak Bizkaiko Foru Aldundiak aurkeztutako plangintza albiste «ona» izan dela adierazi du. Udalak urteak daramatza aldundiari Gaztelugatxerentzako plangintza integral bat eskatzen; izan ere, uste du gero eta turismo gehiago erakartzen duen gunea dela, eta hori babestea eta bere ahuleziak zuzentzea ezinbestekoa dela.
Bermeok egindako «lan eta ekarpenak aldundiaren plangintzan jasota egotea» espero duela esan du Bidegurenek, eta horrela ez izanez gero, udalak, herritarrekin batera, turismo enpresekin eta San Juaneko boluntarioekin batera ekarpenak eta zu- zenketak landuko dituela aditzera eman du.
Plangintza aztertu
Hori lortzeko, «plagintza zehaztasunez» aztertuko dutela adierazi du. Apirilaren 18ko batzarrean herritarrei aurkeztuko diete, eta ondoren, horri buruz eztabaidatzeko aukera emango dute.
Batzarraren helburua herritarrek zalantzak, iritziak eta ekarpenak egitea izango da, horiek aintzat hartuko direlarik aldundiaren plangintza zuzentzeko. Herritarren ekarpenak kontuan hartu nahi dituztela nabarmendu du Bidegurenek, «Gaztelugatxe bermeotarrentzat oso garrantzitsua» dela adieraziz.
Herritarrez gain, Bermeoko enpresa ugari turismoaren garapen jasangarriaren alde daudela gogoratu du, eta, beraz, enpresa horiek ere ekarpenak aurkeztera gonbidatu ditu.
Edukiera kontrolatuz
Zeresan handia sortu duen gaiari buruz ere aritu da Bideguren: alegia, baselizara joateko sarrera bat ordaintzeari buruz. Alkateak argi utzi nahi izan du: «Gaztelugatxera joateagatik ez da kobratu behar, ezin da inguru natural batera joateagatik kobratu».
Hala ere, «edukiera kontrolatu beharra dagoela» adierazi du, «ingurunea zainduz eta bisitariek horretaz gozatu ahal izateko edukiera kontrolatu eta masifikazioa saihesteko asmoagaz».