Urdaibaietz elkarteak batzar irekiak deitu ditu
Eskualdeko kultura eta naturaren defentsarako sortutako Urdaibaietz herri plataformak batzar irekiak deitu ditu hurrengo bi astelehenetarako.Martxoaren 26an bildu ziren lehen aldiz eskualdean ematen ari diren aldaketez hitz egiteko. 11 herritako 30 per...
Martxoaren 26an bildu ziren lehen aldiz eskualdean ematen ari diren aldaketez hitz egiteko. 11 herritako 30 pertsona inguru bildu ziren lehen batzarrean, eta Alfonso Caño Urdaibaietz plataformako kideak «genero ikuspegi zein adin tarte pluraleko jendea» bildu zela adierazi du.
Guggenheim eraikina Busturialdean eraikitzeko asmoa planteatu zelako sortu zen Urdaibaietz herri plataforma berriz biltzeko erabakia. Horren inguruan eta bestelako «gaiak baztertu barik» eztabaidatu zuten martxoaren bukaeran egindako batzarrean.
«Jendeari hitza eman nahi diogu batzar irekietan, herritarren iritzia zein den jakiteko», esan du Cañok. «Lurraldetasuna kontuan hartuta, erabakien inpaktua zein izango den ikusi behar da, hitz egin eta eztabaidatu. Baloratu egin behar dira alde guztiak, turismoaren eta bestelako gaien kudeaketa egokia egitea bultzatzeko. Politikoek duten interesen jokoaren aurka gaude, diru publikoagaz interes pribatuak egitearen kontra», adierazi du.
Plataformako kideak politikoki hartzen diren erabakiak ekologikoki eta ekonomikoki jasangarriak eta sozialki bidezkoak izan behar zirela defendatu zuen batzarrean. «Nazkatuta gaude Urdaibaitik kanpo hartzen diren Urdaibaiko erabakiez». Horren harira, ez duela horrelako erabakiez etekinik espero adierazi du.
Batzar irekian, gainera, denetariko gaiak landu zituzten, herri ezberdinetako jendea batu izanak herri ezberdinetako kezkak plazaratzea ekarri zuelako Cañoren iritziz. Bereziki turismoari lotutako gaiak izan zituzten aztergai.
Proposamenak
Aldundiak Gaztelugatxen egingo dituen obren harira, turismo jasangarrirako munduko gutuna aldundiak sinatzeaz, ekonomia lokalaz eta zenbait erabakiren inpaktu ekologikoaz aritu ziren, besteak beste, lehenengo batzarrean.
Lanpostu duinak sorraraztearen eta berdintasunaren alde agertu dira plataformako kideak, baina ez dela hori bultzatzeko «lanik» egiten adierazi du. «Datuez gain, datuen kalitatea baloratu nahi dugu».
Eztabaidatzeaz gain, proposamenak egin zituztela jakinarazi du; batez ere turismoagaz lotutako erabakiak hartu zirela.
Komunikatu bat ateratzea erabaki zuten, beraien ustez «jasangarriak ez diren» proiektuak salatzeko eta «beste jokaera bat» bultzatzeko. Bestelako proposamenak izan ziren arren, oraindik horiekin zer egin «ez dutela erabaki» aitortu du.
Asteleheneko hurrengo batzarra 19:30ean egingo dute, Astran; Denetariko gaiak landuko dituztela aurreratu dute.