Eguraldi txarragatik, baxurako ontzi gehienak portuan lotuta egon dira
Egunotan antxoa eskasia dagoenez, garesti saldu dute; 6 eta 8 euro artean. Berdeleta zer edo zer luzatzeko kuota handitzea lortu bada ere, azkenetan dago kanpainaAzken egunotako denboraleak itsasoan ere eragin du. Atzo, esate baterako, Ondarroan arrain...
Egunotan antxoa eskasia dagoenez, garesti saldu dute; 6 eta 8 euro artean. Berdeleta zer edo zer luzatzeko kuota handitzea lortu bada ere, azkenetan dago kanpaina
Azken egunotako denboraleak itsasoan ere eragin du. Atzo, esate baterako, Ondarroan arraina saltzen duten baxurako ontzi gehienak portuan lotuta egon ziren. «Bateren batek irten du itsasora, baina gehienek geldirik egotea erabaki dute», azaldu zuten Ondarroako kofradiako arduradunek.Oro har, itsasoan oso eguraldi eskasa egon dela nabarmendu zuten, olatu handi eta haize ufada aldakorrekin. «Ontziak herenegun itsasora atera ziren, baina goizean eguraldi eskasagaz bueltatzea erabaki zuten, eta ahal zuten modura porturatu ziren».
Eguraldi txarra zela eta, atzo, horrenbestez, mugimendu gutxi egon zen portuan; bi ontzik bakarrik porturatu zuten arraina. Amuko arrantzontzi batek kaela ale batzuk lehorreratu zituen, eta Padre Tonino ontziak, berriz, antxoa ale batzuk. 135 kaela kaxa porturatu zituzten goizeko lehenengo orduan, eta arraina 1,5 eta 3,5 euro bitartean saldu zuten. Eguerdian, bestalde, 92 antxoa kaxa lehorreratu zituzten.
Antxoari dagokionez, Landetako parean ari dira arraina harrapatzen, kiloa 50-55 ale ingurukoa, «urtero antxoa harrapatzen duten toki berean». Kanpaina martxoaren 1ean hasi bazen ere, ez dute antxoa askorik arrantzatu orain arte. «Orain dela aste bi, egun batean edo bitan, nahikoa saldu zuten, baina, orduz geroztik, ez dute kopuru aitagarririk lehorreratu. Egia esan, eguraldiak ere ez du horretan lagundu».
Eta arrain eskasia dagoenez, nahikoa garesti saldu dute. «Egun batean asko eta txikia saldu zen, eta egun horretan 80 eta 90 zentimoan ere saldu zen kiloa. Harrez gero, oso gutxi egon da, eta garesti saldu da: herenegun, esate baterako, 6 eta 8 euro bitartean saldu zuten. 400 bat kaxa porturatu zituzten lau ontziren artean».
12 tona gehiago
Berdeleta, berriz, amaitzen ari dela azpimarratu dute. «Ontzi bakarren batek 3 edo 4 tonako kupoa du oraindik, baina, orokorrean, ontzi gehienek kupoa amaituta daukate». Egunotan saldu den berdela, bataz beste, euro baten inguruan saldu da.
Berdel kuota iazkoa baino %20 txikiagoa izan da. Hau da, kanpaina hasieran ontzi bakoitzak 80.000 kilo arrantzatzeko baimena izan du. Baina Bizkaiko Golkoan berdel asko egon da aurten, eta ontzi gehienek azkar amaitu dute kupoa. Eta kostera zer edo zer luzatu ahal izateko, beste 12.000 kilo arrantzatzeko baimena eman diote ontzi bakoitzari. Hori ere azkar amaitu dela nabarmendu dute.