Euskadiko Batel Txapelketa jokatuko dute asteburuan
Aurreko asteburuan Bizkaiko Batel Txapelketa jokatu ostean, asteburu honetan lehiatuko dute Euskadiko Batel Txapelketa. Arabako Legutio herriko estropada eremuak hartuko du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako arraun taldeentzako hain berezia den hitzordua.Bih...
Bihar 16:00etan hasiko da kanporaketen lehia, eta domekan, berriz, 11:00etatik aurrera jokatuko dituzte finalak. Bizkaiko 24 klubetako arraunlariek parte hartuko dute bihar arratsaldeko saioan.
Lea-Artibaiko eta Busturialdeko taldeei dagokienez, Isuntza Arraun Elkarteak edukiko du ordezkaritzarik zabalena. Bost kategoriatan lehiatuko dira lekeitiarrak; nesken ume eta etorkizuneko mailetan eta mutilen ume, kadete eta gazte mailetan ariko dira.
Bermeotarrek eta ondarrutarrek launa batel edukiko dituzte uretan. Bermeoko Arraun Elkarteko neskak zein mutilak lehiatuko dira umeen mailan, eta gazte eta kadete mailetan, berriz, mutilen batel bana ariko da.
Ondarroako taldeari dagokionez, ume eta etorkizun mailetan lehiatuko dira neskak, eta mutilek, ostera, ume eta gazte mailetako kanporaketak jokatuko dituzte.
Beste alde batetik, Artibaik eta Elantxobe AEk bina batel uretaratuko dituzte. Artibaiko neskek ume eta promesa kategorietan parte hartuko dute, eta Elantxobeko arraunaldiak, mutilen kadete eta gazte mailak lehiatuko dituzte.
Bihar 14:30ean izango da ordezkarien bilera, eta bertan txandak eratu eta balizaz zozkatuko dituzte.
Egin beharreko lana
Umeen kategorian, bi luze eta ziaboga bat egin beharko dituzte, 1.000 metroko estropada eremuan. Kadeteek hiru luze eta ziaboga batean lehiatuko dute proba, 1.500 metroko estropada eremuan.
Gazte eta senior mailetako batelek, ostera, 2.000 metroko estropada eremua izango dute, eta lau luze eta hiru ziaboga egin beharko dituzte.
Maila bakoitzeko lehenengo lau sailkatuek lortuko dute domekarako txartela. Eta Euskadiko Txapelketan lehenengo hiru postuak lortzen dituztenak sailkatuko dira Espainiako Txapelketarako.