Idazle ondarrutarrak nazioartean ospe handia duen New Yorkeko
Dorothy and Lewis B. Cullman Center liburutegi publikoko sormen beka irabazi du. Ospe handiko idazleek lortu izan duten beka jaso duen
lehenengo euskal idazlea da Uribe. “Beka hau sari modura hartzen dut, ez bakarrik niretzat, euskaraz idazten duten idazle guztientzat baino. New York ez da toki erraza, eta halako prestigiodun beka bat lortzea are zailagoa da. Beka lortzen duen lehen euskalduna izatea urrats handi bat dela uste dut”.
Sariketara
45 herrialdetako 397 artista aurkeztu dira, eta sari emaileek nabarmendu dutenez, ez dute sekula hainbeste eskatzaile izan. “Hautatuak izan diren idazleek talentu handia daukate”, adierazi dute Salvatore Scibona, Sue Ann eta John Weinber Cullman Centerreko zuzendariek.

Kirmen Uribe, azken nobela eskuetan.
Urtero
hamabost beka banatzen dituzte, eta gehienak ikerkuntzarako baldin badira ere, bost ematen dituzte idazle lanetarako: bi poesia lanetarako eta beste hiru nobeletarako.
Lana euskaraz idatziko du Uribek, eta beroren erdigunea emakumeak izango dira
The book she writes nobelaren proiektua aurkeztu du Uribek, eta New Yorken egingo duen bederatzi hilabeteko egonaldian fikziozko nobela hori garatu eta idazteko aukera edukiko du. “Proiektu hori hantxe garatzera joango naiz, hurrengo ikasturte guztian. Liburutegiko ondarea aztertzen ariko naiz, eta, aldi berean, Euskal Herriari lotutako nobela bat nahi dut idatzi. Egia esan, nahi dudan lana egiteko libre izango naiz. Aurkeztu dudan lana aurkeztu beharrik ez daukat. Nobela bat hasi zaitezke idazten, baina hori garatu ahala gauzak aldatzen joaten dira”.
Uribek nabarmendu duenez,
lana euskaraz idatziko du, eta gutxi aurreratu baldin badu ere, nobela emakumeei lotuta egongo da. “Nire bizitzan emakumeak oso garrantzitsuak izan dira, eta eurei lotuta egongo da. Emakumeak erdigunea izango direla argi daukat”.
Nobela idazteaz gain, Columbiako unibertsitateko School of Arts fakultateko departamenduan ariko da, maila handiko irakasleekin batera
Cullman Center sormen bekak
2018ko irailetik 2019ko maiatzera bitarteko iraupena baldin badu ere, egonaldia luzatzeko asmoa duela azaldu du ondarrutarrak, eta nobela idazteaz gain, beste gauza batzuetan ere ariko da. “Columbiako unibertsitateko School of Arts fakultateko departamentuan aritzeko gonbidapena egin didate. Eta, aldi berean, beste maila handiko irakasle batzuekin batera egoteko eta haiengandik ikasteko aukera edukiko dut”.
New York, bestalde, oso toki berezia dela dio. “New Yorkeko kontrakultura giroan hazi naiz, eta hori ere ezagutu nahi dut. Idazleak, argitaletxeetako jendea, beste idazle batzuen estiloa eta beste hainbat gauza ezagutzeko aukera izango dut. Artista asko beti joan dira kanpora egonaldiak egitera, eta hori beti ere onuragarria izaten da sormenerako”.