Mutrikuko Gazte Asanbladako kideek hurrengo egunotarako egitarau oparoa aurkeztu dute, Paul Urkijo gasteiztarraren lehendabiziko film luzea erdigune hartuta. Gazte asanbladako kideek, hain zuzen ere, Errementari filmaren inguruko hitzaldiak eta ipuin kontaketa antolatu dituzte.
Mutrikuko Udalaren eskutik, bestalde, filma bi aldiz proiektatuko dute Zabiel etxean. Barikuan [apirilak 27], 22:00etan eta domekan [apirilak 29], berriz, 19:00etan. Sarrerak aldez aurretik erosi beharko dira turismo bulegoan. Saio bakoitzeko 70 sarrera ipini dira salgai, 3 euroren truke. “Errementari Mutrikun proiektatzeko asmoa genuen, baina filma proiektatzea nahikoa garestia zenez, Mutrikuko Udalera jo genuen ea eurek proiekzioa egiteko asmoarik bazuten galdezka. Kultura sailetik filma proiektatzeko asmoa bazutela aipatu ziguten, eta guk horren inguruko ekimenak prestatuta genituenez, filma bera ere apirilean proiektatzea adostu dugu”, azaldu dute gazte asanbladako kideek.
Errementari filmako fotograma bat. Argazkia: Errementari
Filmarekin lotuta hainbat ekintza antolatu dituzte. Besteak beste, Koldo Zuazo hizkuntzalaria gonbidatu dute eguenean [apirilak 26] euskalkiei buruzko hitzaldia ematera. Filma Jose Migel Barandiaranek 1903an batu zen euskal mitologiako Patxi errementari pertsonaiari buruzko ipuin tradizionalean dago inspiratuta, eta, bertan, XIX mendeko Arabako euskalkia erabili dute. Film luzearen ekoizle eta zuzendariek Koldo Zuazo eibartarraren laguntza behar izan dute horretarako.
Paul Urkijo filmaren zuzendaria ere Mutrikun izango da barikuan [apirilak 27] lanari buruzko hainbat azalpen ematen. Apirileko ekimenekin amaitzeko, azkenik, Patxi errementariari buruzko ipuin kontaketa egingo du Oihana Etxegibel ipuin kontalariak. “Patxi errementaria, oinarrian, ipuin bat da. Orain filmak hartu du indarra, eta berau proiektatuko bada ere, ipuinari berari ere indarra eman nahi izan diogu”. Gazte asanbladako kideek nabarmendu dutenez, ipuin kontalariaren saioa, batez ere, 4 eta 8 urte bitarteko umeei zuzendutako ekimena izango da.
[EGITARAUA]
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.