Zapatuan [apirilak 28] bueltatuko da lehiara Mutriku Sokatira Taldea. Lur gaineko taldea Azkoitian hasiko den Euskadiko Sokatira Txapelketari ekiteko gogotsu dago. Eta, iaz gertatu modura, aurten ere Sebastian Gurrutxaga
Loreto azkoitiarraren esanatera ariko dira.
Hamahiru lagun izango dira aurten lur gaineko lehian ariko direnak: bost mutrikuar, lau markina-xemeindar, hiru ondarrutar eta azkotiar bat izango dira taldean. Lehian aritzeko kopuru “polita” direla nabarmendu dute taldeko beteranoek. Honakoak ariko dira Gurrutxagaren esanetara: Xabier Arakistain etxebarritarra, Eder Bergara, Xuban Muniozguren eta Ekaitz Salcedo markina-xemeindarrak, Garikoitz Arruti, Mikel Egaña, Patxi Ituarte eta Beñat Urkiza mutrikuarrak, Jon Badiola, Iker Goikoetxea, Ibai Iparragirre eta Javier Urresti ondarrutarrak eta Xabier Eizagirre azkoitiarra.
Mutrikuko sokatira taldeko kideetako batzuk, Saturraranen
Taldeari dagokionez, taldea utzi duten lau lagunen hutsenea
beste hiru tiralarik beteko dute aurten. Muniozguren eta Eizagirre estreinako ariko dira taldean, eta aspaldi lehiari utzita egon ostean, Mikel Egañak ere taldera bueltatzea erabaki du.
Denboraldi berriari begira
pisu handiko txapelketetan parte hartuko dutela aitortu dute mutrikuarrek. Zehatz esanda, 680 kiloko, 640 kiloko eta 600 kiloko kategorietan parte hartuko dute. 560 kiloko kategoria, berriz, ez dute lehiatuko, pisu kontuagatik. “Taldea osatzen dugun hamahiru lagunok nahikoa astunak gara, eta ez dugu uste 560 kiloko lehian sartzeko aukerarik edukiko dugunik”.
Lehenengoa, ez puntuagarria. Lur gaineko Euskadiko Sokatira Txapelketa zapatuan [apirilak 28] 17:30ean hasiko bada ere, Azkoitiako saio hori ez puntuagarria dela nabarmendu dute antolatzaileek. “Azkoitiako kanporaketara ezin dira bi talde –Erandioko Akelarre eta Goiherri B– etorri. Hortaz, Azkoitiako saioa txapelketaren barruan jokatuko bada ere, ez da puntuagarria izango”. 680 kiloko txapelketa, hortaz, maiatzaren 5ean hasiko da
ofizialki, Berriatuan. Eta Maiatzaren 19an Deban jokatuko den finalean erabakiko da.
Beste kategorietako txapelketak, bestalde, ohi modura jokatuko dira. Bi kanporaketa jokatuko dira lehendabizi, eta, azkenik, finala.
Mutriku Sokatira Taldea entrenamendu saio bat egiten
Pisu handiko lehen hiru proba horiek, gainera, Mutrikuko taldeak antolatu ditu. “Pisu handiko probak, hemen inguruan antolatzen saiatzen gara, urtero. Bestelakoan, Bilbo aldean jokatzen dira beste guztiak eta”.
Denboraldi berriari dagokionez, maila ona erakutsi nahi dute mutrikuarrek. “Hasiera batean asmo polita daukagu, baina ikusi egin beharko da lehenengo kanporaketan zer moduz moldatzen garen, baina lehen postuetan egoteko ahalegina egiten saiatuko gara. Entrenamenduetan, behintzat, ondo gabiltza, nahikoa talde beteranoa dugu eta. Hori bai, txapelketa ez da polearen aurka jokatzen, eta Azkoitiko proban ikusiko dugu zer mailatan gauden”.