Antxoa nahikoa handia ari dira arrantzatzen, Ondarroatik oso gertu
Kostaldetik ordubete baino gutxiagoko tartean ari dira arrantzatzen arraina. Herenegun 500 tona inguru porturatu zituzten 76 ontzik. Merke saldu da antxoa; 2 euro bueltanBaxurako arrantzaleak antxoa asko ari dira arrantzatzen azken egunotan. Arraina, g...
Kostaldetik ordubete baino gutxiagoko tartean ari dira arrantzatzen arraina. Herenegun 500 tona inguru porturatu zituzten 76 ontzik. Merke saldu da antxoa; 2 euro bueltan
Baxurako arrantzaleak antxoa asko ari dira arrantzatzen azken egunotan. Arraina, gainera, aurreko asteetakoagaz alderatuta, nahikoa handiagoa da, kiloan 32-40 ale ingurukoa. «Arrain kontserba fabrikak ere urduri egon dira aurreko asteetan, nahikoa antxoa handirik ez zegoelako, eta egunotan arrain handiagoa porturatu dutenez, konforme daude», azaldu dute Kalare Deuna kofradiakoek.Kostaldetik nahikoa hurre ari dira arrantzatzen, gainera. «Ondarroatik ordubete baino gutxiagoko tartean ari dira arrantzatzen antxoa, Bermeoko plataformatik Ondarroara bitartean. Getaria aldera ere joan dira, baina zenbat eta ekialderago joan, arrain txikiagoa ari dira arrantzatzen. Hortaz, mendebaldeko uretara ari dira joaten egunotan».
Kofradiako arduradunen esanetan, astelehenen arratsaldean lehorreratu zituzten lehen aleak, eta ordutik, egunero saldu da antxoa kofradian. «Aurreko barikuan Cudillero (Asturias, Espainia) inguruan antxoa handia arrantzatu zutela entzunda eta hemen tamaina horretako arrainik ez zegoela jakinda, ontzi talde handi bat Cudillero aldera joatera animatu zen domeka gauean. Astelehen goizean bertara ailegatzen ari zirela, hemen geratu zirenek Ondarroa gainean arrantzatu zuten antxoa, astelehen goizean itsasoratu ostean».
Nabarmendu dutenez, eguaztena izan da aurtengo kanpainako egunik-eta oparoena. 61.000 kaxa inguru 500 bat tona deskargatu zituzten 76 itsasontziren artean. Eguaztenean, hain zuzen ere, portua bete ontzi ikusi zen aspaldiko partez, denboraldiko ontzi kopuru handiena kofradiakoen arabera. «Bizkaiko golkoko ontzi asko egon ziren; Galiziatik hasi eta Hondarribia tarterakoak».
Egunotan antxoa asko porturatu dutenez, merke saldu da bentan. «Arrainik handiena 2 euro bueltan saldu da».
Berdeleta
Berdel kanpaina ofizialki amaitu ez baldin bada ere, ia amaituta dagoela azaldu dute. «Astean amuko bik lehorreratu dute berdela, baina horiek amaitu ez baldin badute, gutxi faltako zaie».
Berdel kanpaina, Ondarroari dagokionez, ondo joan dela nabarmendu dute kofradian. «Ederra izan da aurtengoa. Arrantzaleak eurak, behintzat, oso gustura geratu dira».