Mutrikun Liburuaren Astea amaitzeko egin diren ekimenen artean, Ziriako Andonegi II. mikroipuin lehiaketaren sari banaketa egin da gaur [apirilak 28] liburutegian. Parte hartzaileek gai librea izanda, gehienez,
100 hitzez osatutako mikroipuina aurkeztu behar izan dute, eta udal ordezkariek jakitera eman dutenez, hemeretzi lagunek parte hartu dute. “Helduen mailan hamabost lagunek aurkeztu dituzte lanak, eta 18 urtetik beherako kategorian, berriz, lauk. Horietatik bost lan, berriz, mutrikuarrenak izan dira”.
Helduen mailako saria Igor Mercado Azkuenaga leioatarrak eskuratu du;
oroigarria eta 500 euroko saria jaso ditu Jose Angel Lizardi alkatearen eta Kirmen Uribe idazlearen eskutik. 18 urtetik beherakoen kategoriaren irabazlea, berriz, Maialen de Abajo Elorriaga algortarra izan da; oroigarria eta 200 euroko ordainsaria jaso ditu. Mutrikuar onenaren saria, azkenik, Aitor Juaristi Iparragirrek irabazi du, iaz modura; oroigarria eta 200 euroko ordainsaria jaso ditu.
Ziriako Andonegi mikroipuin lehiaketaren irabazleak, Kirmen Uribe eta Mutrikuko alkatearekin batera. Ezkerretik eskumara: Uribe, Juaristi, Mercado, De Abajo eta Lizardi.
Eta mikroipuin lehiaketaren sari banaketa janzteko, berriz, Kirmen Uriberekin solasaldia ere egin da. Bertan parte hartu dutenek idazle ondarrutarrari hainbat galdera egiteko aukera izan dute, ordubeteko tartean. Aretoa gaurkoan txiki geratu da: 60 bat lagun batu dira.
Uriberen hainbat lan izan dituzte hizpide, baina, batez ere,
Elkarrekin esnatzeko ordua oinarri hartuta aritu dira berbetan. Eta aurreratu duenez, Asier Altuna zinemagilea liburuari buruzko filma ari da prestatzen. “
Karmele izenburua ipini nahi diote”.
Narratiba molde berriak euskarara ekartzea gustatzen zaiola azaldu du Uribek. Nobela batean, berriz, garrantzitsuena estiloa eta horren ahotsa direla aitortu du ondarrutarrak.
Kirmen Uribe, azalpenak ematen, gaurko solasaldian
Euskararen doaiak erabili, eta gauza txiki askorekin asko esatea ezinbestekoa dela ere aipatu du. “Apaingarri gutxi behar dira irakurleak asetzeko. Irakurlea aktiboa izan behar da, eta irakurleak berak egin behar du nobela”.
Etorkizunera begira dituen asmoen berri ere eman du Uribek, eta adierazi du hurrengo nobela
2019ko udazkenerako daukala aurreikusita.
Horrez gain, liburuen merkatu txikia ere egon da liburutegiko sarreran; liburutegian soberan dauden liburuak doan eskuratzeko aukera egon da.