Auto baten eta txirrindulari baten arteko istripua gertatu da Ondarroa eta Lekeitio arteko errepidean
Ertzaintzak jakitera eman duenez, istripua Lekeitio eta Ondarroa arteko kostaldeko errepidean gertatu da (BI-3438). Txirrindulari talde bat Ondarroako norantzan zihoan, eta autoa Lekeitiora bidean. Istripua eduki duen txirrindulariak 25 urte ditu. Anbulantzia eta Osakidetzaren helikopteroa bertaratu dira, eta txirrindularia Gurutzetako ospitalera eraman dute, helikopteroz.
Gertaera 17:18 aldera gertatu da. “Kolpearen ondorioz txirrindularia zauritu da, baina konorterik ez du galdu; hainbat zauri zituen”. HITZAk jakin ahal izan duenez, azterketa medikuak egin eta gero, txirrindularia onik dago. “Gorputzean eta buruan ez dauka ezer. Sudurreko hezurrak eta hagin batzuk apurtuta ditu”. Horrez gain, aurpegian ere puntuekin lotzeko ebaki bat ere badaukala esan dute.
Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari da.