Igor Mercadok irabazi du II. Ziriako Andonegi mikroipuin lehiaketa
Maialen de Abajorentzat izan da 18 urtetik beherakoen kategoriako saria, eta Aitor Juaristik eraman du mutrikuar onenaren kategoriakoa. Kirmen Uriberekin solasean aritu diraLiburuaren Astea amaitzeko, Ziriako Andonegi II. mikroipuin lehiaketaren sariak...
Maialen de Abajorentzat izan da 18 urtetik beherakoen kategoriako saria, eta Aitor Juaristik eraman du mutrikuar onenaren kategoriakoa. Kirmen Uriberekin solasean aritu dira
Liburuaren Astea amaitzeko, Ziriako Andonegi II. mikroipuin lehiaketaren sariak banatu zituzten zapatuan, Mutrikuko liburutegian. Hemeretzi lagunek parte hartu dute aurten; helduen mailan hamabost lagunek aurkeztu dituzte lanak, eta 18 urtetik beherako kategorian, berriz, lauk. Horietatik bost lan mutrikuarrenak izan dira.Helduen mailako saria Igor Mercado Azkuenaga leioatarrak eskuratu du; oroigarria eta 500 euroko saria jaso zituen Jose Angel Lizardi alkatearen eta Kirmen Uribe idazlearen eskutik. 18 urtetik beherakoen kategoriaren irabazlea, berriz, Maialen de Abajo Elorriaga algortarra izan da; oroigarria eta 200 euroko ordainsaria jaso zituen. Mutrikuar onenaren saria, azkenik, Aitor Juaristi Iparragirrek irabazi du, iaz modura; oroigarria eta 200 euroko ordainsaria jaso zituen.
Kontu kontari
Eta mikroipuin lehiaketaren sari banaketa janzteko, berriz, Kirmen Uriberekin solasaldia ere egin zen. Aretoa txiki geratu zen: 60 bat lagun batu ziren, eta idazle ondarrutarrari hainbat galdera egiteko aukera izan zuten, ordubeteko tartean.
Uriberen hainbat lan izan zituzten hizpide, baina, batez ere, Elkarrekin esnatzeko ordua oinarri hartuta aritu ziren berbetan. Eta idazleak aurreratu zuenez, Asier Altuna zinemagilea liburuari buruzko filma ari da prestatzen. «Karmele izenburua ipini nahi diote».
Narratiba molde berriak euskarara ekartzea gustatzen zaiola azaldu zuen Uribek. Nobela batean, berriz, garrantzitsuena estiloa eta horren ahotsa direla aitortu zuen. Euskararen doaiak erabili, eta gauza txiki askorekin asko esatea ezinbestekoa dela ere aipatu zuen. «Apaingarri gutxi behar dira irakurleak asetzeko. Irakurlea aktiboa izan behar da, eta irakurleak berak egin behar du nobela».
Etorkizunera begira dituen asmoen berri ere eman zuen Uribek, eta adierazi zuen hurrengo nobela 2019ko udazkenerako daukala aurreikusita.
Horrez gain, liburuen merkatu txikia ere egon zen liburutegiko sarreran; liburutegian soberan dauden liburuak doan eskuratzeko aukera egon zen.