Memoriaren haziak landatuz
Gernikako bonbardaketaren 81. urteurrena gogoratzeko ekitaldiek asteburuan jarraitu zuten. Steer, Labauria eta gudariak omentzeaz gain, itxaropenaren sinboloa den kimua landatu zuten.Memoria historikoa, bakea eta itxaropena dira munduko herrialde guzti...
Gernikako bonbardaketaren 81. urteurrena gogoratzeko ekitaldiek asteburuan jarraitu zuten. Steer, Labauria eta gudariak omentzeaz gain, itxaropenaren sinboloa den kimua landatu zuten.
Memoria historikoa, bakea eta itxaropena dira munduko herrialde guztietako herrietan presente egon beharreko ezinbestekoak. Izan ere, bakez eta itxaropenez betetako bizitzan, memoria historikoaren lanketa egitea beharrezkoa da, iraganean gertatutakoa orainean eta etorkizunean gerta ez dadin.Hori da hain justu, Gernikako bonbardaketaren harira asteburuan antolatutako ekintza desberdinetan aldarrikatutakoa, bakearen irudi den herrian, memoriaren lanketa ere egiten dela. 36ko gerrako gudariak omentzen dituen eskultura inauguratzeaz gain, itxaropenaren sinboloa den ikurra landatu zuten.
Memoria historikoa berreskuratzeko zereginean, Steer kazetariari egindako omenaldian gerra korrespontsalen eta oro har kazetarien lanak garrantzia handia duela azpimarratu zuen Jose Maria Gorroño herriko alkateak. Orain dela 81 urte Gernikan gertatutakoa euren lanagaz nazioartera zabaltzea zor zaiela eta, Steer britainiarraz eta Mathieu Corman frantziarraz gain, gerra korrespontsal guztiak gogora ekarri zituen.
Steerrek Gernikako bonbardaketaren krudelkeria, nazioartera «ausardiaz eta objektibotasunez» zabaldu eta salatu izana goraipatu zuten ekitaldian. «Franco diktadorearen aginduz, Alemaniako Condor legioak herriaren kontra egindako sarraskia Mundu osora zabaldu zuen», zehaztu zuen Gorroñok.
Datorren urtera begira, orduko zein gaur egungo gerra korrespontsalen lana aitortzeko asmoz, sari bat sortuko dutela azaldu du udalerriko alkateak. «Egin behar ez denaz gizartea sentsibilizatzen ari dira; gerra korrespontsalak baino, bakearen korrespontsalak dira».
1937ko apirilaren 26an herriko alkate zen Jose Labauriaren monolitoaren parean ere lore eskaintza egin zuten barikuan. Gernikazarrako Jabi Urrutiak eta Alberto Iturriartek haren nortasuna eta lana gogora ekarri zuten: «Egunotan gogora ekartzen ditugun bizipen eta gertakizunen artean, beharbada, pertsonak izan beharko lirateke garrantzi gehien daukatenak edo mezu garrantzitsuenak ekartzen dizkigutenak».
Gernikako bonbardaketaren 81. urteurrenean gainera, euskal gudariak omentzeko eskultura inauguratu zuten, pasealekuan. Eskultura «demokrazia eta askatasunaren alde borrokatu ziren gudariei» egindako omenaldia zela adierazi zuen Jose Maria Gorroño alkateak. Memoria historikoaren lanketan, «gerrako gudarien galkuntza inoiz edo oso gutxitan» aipatzen den kontua dela salatu zuen alkateak, «herrialde guztietako gudariek, baina batez ere gipuzkoarrek» herriko bizi asko salbatu zituztela gehituz.
Eskulturez gain, bakea eta itxaropenaren ikur diren bi arbola kimu batu zituzten bonbardaketaren harira antolatutako ekintzen barruan, domekan. Izan ere, Hiroshimako bonba atomikoa gainditu zuen Ginkgo arbolaren kimua landatu zuten Europako Herrien Parkean; Gernikako Arbolaren ondoan.
Itxaropena dakarren Ginkgo arbolaren kimua landatu zuten, eta «munduko bakearen aldeko eta gerraren aurkako erabateko mezua» zabaldu zuen Iñigo Urkullu lehendakariak. «Gernikako eta Euskadiko beste hainbat herritako biztanleria zibilaren aurka 1937an egin ziren bonbardaketa bereiz gabeak, eta Hiroshiman 1945ean paroxismora iritsi ziren bonbardaketak ekartzen ditugu gogora eta haien injustizia berresten dugu».
«Elkarrekin zabalduko dugu konpromisoaren eta itxaropenaren aldeko mezua. Bakean elkarrekin bizitzea posible den itxaropena. Indarkeriarik, gerrarik eta terrorismorik gabeko mundua posible den itxaropena. Gizakien duintasuna eta elkarbizitza erein, ongarriztatu, zaindu eta hazarazi behar ditugun balioak diren itxaropena», esan zuen lehendakariak.
Eskulturaren kokapena
Memoriaren lanketaren harira Pasealekuan kokatutako eskulturak baina, zeresana eragin du Gernika-Lumoko herrian. Memoria presente izan behar dela ahaztu gabe, Pasealekuan gudarien eskultura kokatzearen aurka agertu ziren zapatuan, herritarrak.
Eskulturaren kokapenaz kexatu ziren, eta eskultura tokiz aldatzeko eskatu zuten. «Parte hartze prozesuan adostutakoa ez errespetatzea» salatu zuten eskulturaren inaugurazio ekitaldian, «pasealekua topalekua» dela adieraziz.
Gainera, pasealekuan dagoeneko gudariei omentzeko eskultura bat badagoela nabarmendu zuten, «beste batzuen papera, herriko andrana adibidez, oraindik behar bezala omendu ez den bitartean».