50. urteurren ekitaldia egingo du Zubi Zahar herri ikastolak
Mende erdia betetzen dutela ospatzeko, urteurreneko ekitaldia egingo du zapatuan [maiatzak 5], 20:00etan hasita, ikastolako jantokian.
Lehengoa oinarri, geroa osatu lelopean egingo da ekitaldia, eta bertan azken 50 urteotako zuzendaritza taldeko kideak, artekaritzako kideak, langileak, ikasleak, iraskaleak, gurasoak eta bazkide sortzaileak batu nahi dituzte. «Guztiok zaudete gonbidatuta. Orain dela 50 urte Antzosoloko hasieretan parte hartu zenutenetatik hasi, eta gaurdainoko ikasle, irakasle, guraso, aiton-amona,… eta, orohar, ondarrutar guztiok», nabarmendu dute.
Antolatzaileek azaldu dutenez, zapatukoa ekitaldi xumea izango da, baina ezustekoz betea. Aurreratu dutenez, Antzosolon hasi ziren lehen ikasleetako batzuk bertan egongo dira. «Hasiera-hasieran egon zen Agurtzane Jaio irakaslea ere gure artean izango dugu kontu kontari. Beragaz batera Mari Carmen Bustindui hasierako urteetan irakasle izandakoa eta hasiera hartako guraso taldeko kideren bat ere egongo da gure artean».
Ekitaldian, bestalde, 50 urteko ibilbidea argazkitan laburbiltzen duen bideoa proiektatuko dute, ikasle ohi batzuen laguntzagaz. «Ikus-entzunekoa lehenengoaren eta orainaren arteko zubi bat izango da, omenaldi legez. Ikastolakoen hainbat bizipen ere kontatuko dira bertan, eta, tartean, ikasgela bakoitzekoen argazkiak ere proiektatuko ditugu».
Ekitaldia amaitzean, berriz, bertaratzen direnek mokadutxo bat jan eta eztarriak bustitzeko aukera edukiko dute «aspaldiko irakasle, ikasle, guraso, zuzendari edo ezagunekin kontu batzuk konta bitartean».