Elezgarai-Barrios eta Mendizabal-Elezgarai bikoteen artean erabakiko da Mutrikuko Piker txapelketa
Mutrikuko Danok Bat Pelotazale Elkarteak antolatuta, pala txapelketa herrikoiaren finalak jokatuko dira zapatuan [maiatzak 5], 10:30etik aurrera, Miruaitz frontoian. Txapelketa otsailaren bukaeran hasi zen, eta hasi zuten hamar bikotetatik laurek jokatuko dute zapatuko norgehiagoka.
Hirugarren eta laugarren postua lortzeko lehiarekin hasiko da goiza. Xabier Illarramendiren eta Hodei Ituarteren aurka neurtuko dituzte indarrak Jose Mari Manzisidorrek eta Aitor Santiagok. Finalean, berriz, Igor Elezgaraik eta Ibon Barriosek osatutako bikoteak Jon Mendizabal Goxerri eta Joseba Elezgarai Txiki izango dituzte aurkari.
Aurten puntuazio sistema berriarekin jokatu da txapelketa, eta finala ere, modu horretara jokatuko da. “Kiniela erara jokatu dugu, eta horrek emozio handiagoa eman dio jokoari”. Finalari begira set luzeagoak jokatuko dituzte bikoteek. Bi set jokatuko dituzte 15 tantora, eta berdinketa egonez gero, hirugarren bat jokatuko lukete 10 tantora.