'Zapran gagoz' Euskal Eskola Publikoaren bideoklipa, ikusgai
Astelehenean igo zuen EHIGEk Lekeition ospatuko den Euskal Eskola Publikoaren jaiko bideoklipa Youtubeko bere kanalera, eta arrakasta handia izaten ari dela jakitera eman dute. «Egun bakar batean 8.000 deskargatik gora izan ditu, Youtubeko 44 bideori...
Ekainaren 3an egingo den jaia ezagutzera emateko bideoklipa egin du Traola Produkzioak-eko arduradun Xabier Villalbak, eta herritarrak izan dira protagonista. Iñigito Txapelpunk eta Unai Egia dira abeslariak.
Zapran gagoz Euskal Eskola Publikoaren kantua eta bideoklipa joan den barikuan aurkeztu zituzten Lekeition, Bilborocken prentsaurrekoa eskaini eta biharamunean. Sortutako ikusmina dela eta, saio bi antolatu behar izan zituzten antolatzaileek, eta berehala agortu ziren sarrerako txartel guztiak. «Azken momentura arte jendea sarrerak eskatu eta eskatu ibili bazen ere, ezinezkoa izan zen beste saio bat antolatzea», azaldu dute.
19:00tan hasi zen lehen saioa, eta bertan egon ziren Xabier Amuriza letraren egilea, Unai Egia eta Iñigito Txapelpunk musikaren egile, gitarra jole eta abeslariak, Urtzi Iriondo, Ibone Ibazeta eta Naia Aranzeta Lekitto Musika Bandako zuzendari eta musikariak, Gotzon R&R Express baxua eta Eneko Muniozguren bateria Burrundada musika elkartearen izenean eta kantuaren grabaketan parte hartu zuten HH eta LHko hainbat ikasle.
Petra eta Antigua izeneko bi sareginek gidatu zuten saioa. Batetik, Euskal Eskola Publikoaren baitan orain arte egindako ekintzen eta batutako atxikimendu desberdinak biltzen zituen bideo bat ikusi ahal izan zen. «Beren atxikimendua eman zuten adibidez, Real eta Athleticeko neskek, Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsek, Sustrai Colina bertsolariak, Go!azen telesailekoek, Alex Txikon mendizaleak, Garik eta Kirmen Uribek, besteak beste. Hainbat ekitaldietako irudiak ere ikusi ahal izan ziren».
Kantua zuzenean aurkeztu zuten ondoren, eta musikariak agertokitik ezkutatzeagaz batera, Xabier Iturbe eskolako zuzendariak Amuriza aurkeztu zuen, eta hitzen sorkuntzarako inspirazio iturri izan duen udaletxeko armarriaren kontuak aipatu zituen publikoagaz solasaldian. Azkenik, bideoklipa ikusteko aukera egon zen.
Boluntarioak
Ekainaren 3an egingo diren ekintza, zerbitzu eta plangintzak aurrera eraman ahal izateko, Zapran gagoz lan taldeak boluntario modura parte hartzeko deia egin diete herritar eta elkarteei. Lagundu nahi dutenek Lekeitioko Eskolara deitu dezakete, 94-684 18 09 telefono zenbakira edo zaprangagoz@gmail.com helbidera idatzi izen-abizenak eta telefono zenbaki bat adierazita.