Maiatzean 50 urte beteko dira Mutrikuko
Burumendi Mendizale Elkarteko kideek Arno bidean Apaingo Ama Birjinaren irudia ipini zutenetik. Eta ekintza gogoangarri hura gogora ekartzeko ekitaldia egin zuten domekan [maiatzak 6], mendi irteera eta guzti.
Apaingo Ama Birjinaren irudiaren urteurren ekitaldia. Argazkia: Burumendi
Mendi taldeak, hain zuzen ere, Ama Birjinaren irudi jarri zutenak eta erabaki hori bultzatu zutenak omendu zituen
omenaldi xume batekin. “Ordungo zuzendaritza taldeko jendea eta haien ingurukoak gonbidatu genituen ekitaldira, eta Ama Birjinaren inguruko historia gogora ekarri zuten. Horiei guztiei oroigarri txiki bat eman genien, esker onez”, azaldu dute Burumendiko ordezkariek.
Apaingo irudiaren urtemuga aitzakia hartuta gainera, mendi irteera berezia egin zuten 70 bat lagunek, eta irudiaren inguruetan dagoen kobazulo txiki bat bisitatzeko aukera izan zuten Burumendiko espeologia taldeak lagunduta. “Jende askorentzat esperientzia berria izan zen. Izan ere, jendeak ez zuen koba hor zegoenik ere ezagutzen”.