Ager Solabarrieta Txakartegi tiratzaile olinpikoak eta Maite Badiola Akarregi laguntzaileak maila ona erakutsi dute
Hannovergo (Alemania) Nazioarteko Tiro Txapelketan. Ondarrutarrek
SH3 kategoriako bi diziplinatan parte hartu dute. Euskarri gabeko 60 tiro zutikako kategorian laugarren postua lortu dute, eta 60 tiro etzandako kategorian, berriz, finalaren atarian geratu dira.
Solabarrietak azaldu duenez, oso pozik dago, bi diziplinetan
“esperotakoa baino” maila hobea erakutsi duelako. “Helburua final batean sartzea zen, eta hori lortuta bueltatu gara”. Martitzenean [maiatzak 8], esaterako, zutikako lehian parte hartu zuten. “Finalean sartzeko lehen zortziren artean sartu nahi nuen, eta seigarren sailkatuta pozik amaitu nuen”.
Zutikako diziplinan parte hartzen. Argazkia: HItza
Zutikako finaleko tiraldian, ostera, oso urduri jarri zela nabarmendu du, eta horren eraginez,
podiumak ihes egin ziola ere aipatu du. “Azken tiro biak natural bota izan banitu podiumean sartzeko aukera izango nukeela uste dut. Urduri jarri eta biko eta hiruko bana lortu nituen, eta akabo! Hantxe galdu nuen aukera, baina laugarren postua lortzea ere ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Nire helburua finalean sartzea zen, eta laugarren geratzea izugarria da”.
499 puntu lortu dituen arren, bere mailaren azpitik bota duela aitortu du. “Etxetik kanpo nazioarteko txapelketa batean lehiatzearen urduritasunak eta tentsioak gehiago egin dit”.
Ager Solabarrieta eta Maite Badiola, Hannoverren, pozik. Argazkia: Hitza
Eguaztenean [maiatzak 9], berriz, etzandako diziplinan parte hartu zuen.
Finalean sartzeko atarian sailkatu zen; 11 puntura. “Okerretara hasi nintzen. Lehenengo hamar tiroetan ez nuen asmatu, eta hantxe galdu nuen finalean sartzeko aukera. Finalean sartu ez bagara ere pozik gaude, ez gara urruti geratu eta. Etzandakoan ez dut gehiegi entrenatzen, eta postu hori lortzea oso pozgarria da”.
Solabarrieta eta Badiola, oro har, sentsazio onekin bueltatu dira Alemaniatik, eta “izugarrizko” esperientzia izan dela azpimarratu dute. “Kirol Egokituaren Euskal Federazioak eta Ondarroako Udalak emandako laguntza eskertu nahi dugu, haien laguntzari esker esperientzia hau bizitzeko aukera izan dugu eta”.