Plazatik Gaztetxeraren finala Ondarroan jokatuko da etzi
Sei bertsolarik jokatuko dute finala. Aurten formatua aldatuta jokatu da txapelketa. Finala aitzakia hartuta, beste hainbat ekintza egingo diraOndarroan jokatuko da etzi 18:00etatik aurrera Bertsolari Gazteen XVI. Plazatik Gaztetxera txapelketaren fina...
Sei bertsolarik jokatuko dute finala. Aurten formatua aldatuta jokatu da txapelketa. Finala aitzakia hartuta, beste hainbat ekintza egingo dira
Ondarroan jokatuko da etzi 18:00etatik aurrera Bertsolari Gazteen XVI. Plazatik Gaztetxera txapelketaren finala. Aurrekoetan egin modura, bertsolari gazteei kantatzeko aukera eman nahi diote txapelketaren antolatzaileek, eta era berean, bertsoa gazteengana gerturatu.Txapelketa apirilaren 5ean hasi zen Oñatin, eta lehenengo faseko kanporaketak eta bigarren faseko finalerdiak jokatu ostean, lehia Ondarroan amaituko da. 24 bertsolarik parte hartu dute aurtengo txapelketan, eta aurreko asteburuan Eibarren eta Deban jokatu ziren bi finalerdietan erabakita geratu ziren finalistak. Honako sei bertsolariak ariko dira kantuan Gaztetxeko oholtzan: Jokin Bergara, Oier Etxeberria, Urko Arregi, Manex Astigarraga, Aitor Zubikarai eta Ane Beloki.
Iaz, gainera, urtebeteko geldialdia egitea erabaki zen, eta aurten formatua aldatuta jokatu da txapelketa. «Lehen binaka jokatzen zen, eta aurtengoa, ostera, banakako txapelketa izan da». Finalari dagokionez, honakoak izango dira egin beharreko lanak: zortziko handian hiruna bertso (binaka), zortziko txikian hiruna bertso (binaka), bina puntu erantzun, puntutan irudi bati launa bertso osatu arte (binaka) eta hamarreko txikian hiruna bertso (binaka).
Bazkaria eta poteoa
Finala aitzakia hartuta, gainera, beste hainbat ekintza prestatu dituzte txapelketa antolatzen ibili diren Ondarroako, Debako, Soraluzeko, Eibarko, Itziarko, Zestoako eta Oñatiko gazte asanbladek. 12:00etan, bertso poteoa egiteko hitzordua jarri dute Gaztetxearen aurrean, eta ostean, herriko txokoak bertsoz janzten ariko dira finalerdietan parte hartu duten bertsolariekin eta trikitilariekin batera.
Poteoa amaitu ostean, eta txapelketako ohiturei jarraituz, Ondarroako Gazte Asanbladako kideek prestatutako bazkaritan batuko dira 14:30ean, Gaztetxean. Bertan parte hartu nahi dutenek sarrera aurretiaz erosi beharko dute Anaitasuna tabernan. Gazte asanbladako kideek gaineratu dutenez, erreserbak ogaondarru@gmail.com helbide elektronikora idatzita ere egin ahalko dira. Bihar iluntzera arteko epea egongo da horretarako.