Kirmen Uriberen sorkuntza lana aztertuko dute EHUko uda ikastaroetan
'Kirmen Uribe, bizitza, fikzioa' ikastaroa emango dute uztailaren 2an eta 3an, Donostiako Miramar jauregian. 'Jainko txiki eta jostalari hura' zuzeneko ikuskizunagaz amaituko da programaEuskal Herriko Unibertsitateak Donostiako Miramar Jauregian antola...
‘Kirmen Uribe, bizitza, fikzioa’ ikastaroa emango dute uztailaren 2an eta 3an, Donostiako Miramar jauregian. ‘Jainko txiki eta jostalari hura’ zuzeneko ikuskizunagaz amaituko da programa
Euskal Herriko Unibertsitateak Donostiako Miramar Jauregian antolatzen dituen udako ikastaroen artean Kirmen Uribe, bizitza, fikzioa izeneko ikastaroa izango da uztailaren 2an eta 3an, Mari Jose Olaziregi Euskal Filologian doktoreak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Irakasle Titularrak zuzenduta.Ikastaroak, hain zuzen ere, idazle eta poeta ondarrutarraren sorkuntza lana izango du hizpide, eta ikasleek bere eskutik barneratuko dira genero eta euskarri desberdinetan argitara eman dituen lanetan. «Euskal eremuko eta nazioarteko adituak gonbidatu ditugu, eta bere poesia, narratiba, saio nahiz ikuskizunen irakurketak eskainiko dizkigute. Oinarrian, bizitzaren eta literaturaren arteko mugak iraultzea maite duen idazlea kausituko dugu, keinu txikien poesiagaz hunkitzen gaituena», adierazi dute antolatzaileek.
Euskal Herriko adituen artean Leyre Arrieta mutrikuarra, Jon Kortazar, Maria Jose Olaziregi, Lurdes Otaegi, Hasier Arraiz edota Esti Ezkerra egongo dira azalpenak ematen. Uriberen lanen nazioartekotzeaz jarduteko, berriz, Sally Perret eta Luis Martin-Estudillo etorriko dira Ameriiketako Estatu Batuetatik, eta dokufikzioan aditu Jose Martinez Rubio irakaslea ere han egongo dela aurreratu dute.
Bilbao-NY-Bilbao, Mussche edo Elkarrekin esnatzeko ordua izango dituzte mintzagai, eta literatur lan horiek munduratzeko zubi lana egin dutenak ere Elizabeth Macklin (ingelesera itzulpena), Edurne Alegria (frantsesera itzulpena), Nami Kaneko (japonierara itzulpena) eta Isaac Xubin (galegora itzulpena) ere gonbidatu dituzte ikastarora.
Programari bukaera emateko, zuzeneko emanaldia ere emango dute aspaldian elkarrekin aritu ez diren Mikel Urdangarinek, Rafa Ruedak, Bigen Mendizabalek eta Uribek berak, Jainko txiki eta jostalari hura ikuskizunagaz.