Zubi Zahar herri ikastolak ginkana eta desafioa antolatu ditu
50. urteurreneko ekitaldien baitan bi ekintza prestatu ditu Ondarroako Zubi Zahar herri ikastolak. Korrikalarien eta txirrindularien arteko desafioa eta kintaden arteko ginkana prestatu dituzte, biak ere maiatzaren 26rako.Desafioari dagokionez, Nagore ...
Desafioari dagokionez, Nagore Elu eta Iosu Zenarrutzabeitiaren aurka neurtuko dituzte indarrak Eñaut Lertxundi eta Dunixe Burgoa korrikalariek. Egitekoa honakoa izango da: Alamedatik hasi eta Antiguara zein ailegatu arinago.
Bi bikoteek erronka polita egiteko aukera daukate, eta desafioaren antolatzaileek, horren jakitun, apustuak egiteko aukera zabaldu dute. Zein bikotek iraba- ziko duen eta bikote bakoitzak zenbateko aldeagaz irabaziko duen apustu egiteko aukera egongo da, euro baten truke. Apustuak Anaitasuna, Badis, Gaztedi, Kulixka, Lagun Artea eta Sutargin egin daitezke. Posturetan berdinketa gertatuz gero, zozketa egingo lukete igartzen dutenen artean.
Zortzi lagun, zortzi proba
Kintaden arteko ginkanan, berriz, 15 urtetik gorako zortzi lagunez osaturiko taldeek eman dezakate izena. «Kintadak batzeko era polita dela iruditzen zaigu. Gure ustez kirol proba dibertigarria izan daiteke». Izena emateko azken eguna maiatzaren 24a da, eta honako tokietan eman daiteke izena: Anaitasuna, Badis, Gaztedi, Kulixka, Lagun Artea eta Sutargin.
Ginkana egitera ausartzen direnek, aldiz, zortzi proba osatu beharko dituzte. Urrosolo aurretik Plazagainera aletak soinean korrika egin edo zaku lasterketan Plazagain osoa zeharkatu beharko dute. Zubi Barrian hasita, berriz, mikropatinean joan beharko dute Astilleruko arlanparaino, eta handik Kafeatze pasealekuraino igerian egin. Gero, Kalatraba Zubi pareraino padelean joan, eta handik hondartzako muturrera joan-etorria eta Itsasaurreraino korrikan egin beharko dute. Itsasaurren, berriz, punteria proba egin beharko dute. Ginkana amaitzeko, sokatiran egingo dute Itsasaurre plazan.
Talde mistoek denbora saria izango dute. Neska eta mutilez osaturiko taldeek 20 segundoko abantaila edukiko dute, eta herriko ikastetxeetako ikasleak nahastuta dituzten taldeek beste horrenbesteko abantaila lortuko dute.