Garagardoa eta rock-a gustuko dutenak zorioneko daude, artisau garagardoa dastatu eta rock talde handien doinuak entzuteko aukera edukiko dute-eta ekainean, Markina-Xemeinen. Herriko Jai Batzordea eta Markina Shots jaialdiko antolatzaileak elkartu eta
Artisau Garagardo Azoka eta
Markina Shots rock & roll jaialdia batu dituzte
Topabeer izeneko astebeteko jaia osatzeko.

Topabeer jaiaren aurkezpena Markina Shots, Jai Batzorde eta tabernarien ordezkariekin.
Ekainaren 9an hasiko dira ekimenak
ikastaro eta dastaketa bategaz. Etxean garagardoa egiten ikasteko tailerra emango du Elgetako Baobeer artisau garagardoaren ekoizle Mikel Irazabalek Lagun Artea gastronomi elkartean. Ondoren sei garagardo mota dastatu ahalko dituzte parte hartzaileek eurentzako propio prestatutako platerekin.
Bestalde, aste osoan, Garaiko
Garai Brewing Company, Elgetako
Baobeer eta Bilboko
La Txika de la Cerveza garagardogileen 9 artisau garagardo erreferentzia ezberdin dastatzeko aukera egongo da, hiru mota ekoizleko. Herriko 18 tabernak parte hartuko dute ekimenean, eta bakoitzak bi garagardo mota edukiko ditu.
TOPABEER Artisau Garagardo Azokako EGITARAUA
Tabernaz tabernako garagardo dastaketa egiteko
bonu bereziak aterako ditu Jai Batzordeak. Bonu horiek Patxua eta Eder tabernetan edo udaletxean eskuratu ahalko dira, eta artisau garagardoak prezio merkeagoan eskuratzeko aukera eskainiko dute. «Bonuagaz taberna bakoitzean garagardo bat probatu ahalko da, eta bakoitzak bere airera egin ahalko du dastaketa». Antolatzaileek zehaztu dutenez, tabernariak bonuan marka jarriko dute zein garagardo probatu den zehazteko, eta bi aste egongo dira ibilbidea osatzeko.
Garagardo bereziak. Ekainaren 16an jarriko dute azoka Kontzekupe ondoan. 16:00etan zabalduko dute zerbeza artisauen txokoa, eta tabernetan dastatu ahalko diren artisau garagardoen hiru ekoizleak egongo dira elkarrekin barra atzean. Guztira, 12 garagardo egongo dira probatzeko, eta garagardoen ezaugarriei buruz partekatzeko aukera ere egongo da ekoizleekin.
Azokan egongo diren artisau garagardogileek jakitera eman duenez, bakoitzak lau garagardo ezberdin ekarriko ditu Markina-Xemeingo azokara:
- Garai Brewing Conpanyk Pilsen Ale; American Pale Ale; Hoppy Pils Pilsen bat lupulu gehiagogaz eta oso freskoa; eta Bavarian Ipa mingotsagoa eta alkohol eta lupulu gehiago dituena.
- Baobeerrek Urrejalei Blonde Ale, garagardo horia edateko erraza eta freskagarria; Amerikanua, American Pale Ale, lupuluz betetako garagardoa, fruta usain eta zapore handikoa; Waiting for Summer Neipa, alkohol eta garraztasun baxuko garagardo sendoa, irabiaki bat edatea bezalakoa; eta Tubabu, Imperial Wheat IPA, 9,5 graduko garagardoa, garraztasun puntu altukoa, Baobab zuhaitzaren fruitua darama.
- La Txika de la Cervezak Bizi Bizi American Brown Ale estiloko garagardoa; Bizipa Session Ipa motakoa; Wanted White Ipa estilokoa beste emakume garagardogile batzuekin batera egin duena; eta Pink Porter piperrauts arrosa eta jamaikarragaz egindakoa eta ahoan oso gozoa dena.
Gargardo horietako batzuk probatzen lehenengoetarikoak izango dira Markina-Xemeingo azokara hurreratzen diren garagardo zaleak. Hoppy Pils garagardoa atera du esate baterako Garaik udara begira. «Uda sasoirako bakarrik egin dugu lote txiki bat. Pilsen bat da baina askoz lupulo gehiagogaz, lupulo freskoagoa darama. Udan edateko zerbeza freskoa da», azaldu du Berriozabalgoitiak.
TOPABEER Artisau Garagardo Azokako EGITARAUA
Jendea parte hartzera animatu du Garai Brewing Conpanyko ekoizleak. «Jendeak kalitatezko garagardoa edateko aukera izango du. Normalean artisau garagardoa probatzen denean edaten jarraitzen da, ez daukate zerikusirik industrialekin. Egundo ikusi ez dituzten zaporedun garagardoak dastatu eta usaindu ahalko dituzte, guztiz ezberdinak».
Markina Shots. Egutegiz eta eskenatokiz aldatuko da Markina Shots rock jaialdi mitikoa. Arrakasta handiz sortu zen jaia indarra galtzen joan da azken hiru urteetan epe berean inguruetan antolatzen hasi diren beste jaialdi batzuen eraginez. Hori dela eta, garagardo azokagaz bat egin eta abenduko hotzetik ekaineko berorako aldaketa egingo dute.
TOPABEER Artisau Garagardo Azokako EGITARAUA
Sasoiz aldatzen badira ere, sorrerako esentzia mantenduko dutela azpimarratu dute antolatzaileek. Horrela, eszenatoki txikiko jaialdia izaten jarraituko du, eta estilo bera mantenduko dute rock kultura herriratzea helburu. Gainera, zirkuitu komertzialetatik kanpo jotzen duten Euskal Herriko «talde onak» ekartzen jarraituko dute. Hala,
MoonShakers Band bilbotarrak,
Los Bracco donostiarrak eta
Screamers and Sinners taldeak dakartza jaialdiak aurten Kontzekupera. «Lau neskak osatzen dute Moonshaker taldea eta arrakasta handia edukitzen ari dira jaialdi ezberdinetan, Bracco donostiarrak ere oso onak dira eta Screamers and Sinners psychobilly taldea Markina Shotserako hobeezina dela uste dugu», aurreratu dute.
Kokapen berria egokia iruditu zaie rock and roll-a jendearengana hurreratzeko. «Zirkuitu rockero underground hori Markina-Xemein erdian jarrita jendeak rock and roll-agaz harritzeko aukera izango du». Kontzertuak
doan izango dira.
TOPABEER Artisau Garagardo Azokako EGITARAUA