Artisau garagardoz eta rock musikaz beteko da Kontzekupea ekainean
Topabeer izeneko artisau garagardo azoka antolatuko du lehenengoz Jai Batzordeak. Egutegiz aldatu eta egitasmoagaz bat egingo du Markina Shots rock and roll jaialdiakGaragardoa eta rocka gustuko dutenak zorioneko daude, artisau garagardoa dastatu eta r...
Topabeer izeneko artisau garagardo azoka antolatuko du lehenengoz Jai Batzordeak. Egutegiz aldatu eta egitasmoagaz bat egingo du Markina Shots rock and roll jaialdiak
Garagardoa eta rocka gustuko dutenak zorioneko daude, artisau garagardoa dastatu eta rock talde handien doinuak entzuteko aukera edukiko dute-eta ekainean, Markina-Xemeinen. Herriko Jai Batzordea eta Markina Shots jaialdiko antolatzaileak elkartu eta Artisau Garagardo Azoka eta Markina Shots rock & roll jaialdia batu dituzte Topabeer izeneko astebeteko jaia osatzeko. Egitasmoak artisau garagardoa sustatzea duela helburu azaldu dute, tokiko garapena indartu asmoz.Ekainaren 9an hasiko dira ekimenak ikastaro eta dastaketa bategaz. Etxean garagardoa egiten ikasteko tailerra emango du Elgetako Baobeer artisau garagardoaren ekoizle Mikel Irazabalek Lagun Artea gastronomi elkartean. «Ondoren, sei garagardo mota dastatuko dira eurentzako propio prestatutako platerekin», azaldu du Gorka Fundazuri Jai Batzordeko kideak.
Bestalde, aste osoan, Garaiko Garai Brewing Company, Elgetako Baobeer eta Bilboko La Txika de la Cerveza garagardogileen bederatzi artisau garagardo erreferentzia ezberdin dastatzeko aukera egongo da, hiru mota ekoizleko. «Herriko 18 tabernak parte hartuko dute ekimenean, eta bakoitzak bi garagardo mota edukiko ditu».
Tabernaz tabernako garagardo dastaketa egiteko bonu bereziak aterako ditu Jai Batzordeak. Bonu horiek Patxua eta Eder tabernetan edo udaletxean eskuratu ahalko dira, eta artisau garagardoak prezio merkeagoan eskuratzeko aukera eskainiko dute. «Bonuagaz taberna bakoitzean garagardo bat probatu ahalko da, eta bakoitzak bere airera egin ahalko du dastaketa». Antolatzaileek zehaztu dutenez, tabernariak bonuan marka jarriko dute zein garagardo probatu den zehazteko, eta bi aste egongo dira ibilbidea osatzeko.
Garagardo bereziak
Ekainaren 14an Ian Manson bakarlariaren zuzeneko emanaldia egongo dela aurreratu dute, «pintxo poteoa girotzeko», eta ekainaren 16an, azoka jarriko dute Kontzekupe ondoan.
16:00etan zabalduko dute zerbeza artisauen txokoa, eta tabernetan dastatu ahalko diren artisau garagardoen hiru ekoizleak egongo dira elkarrekin barra atzean. Guztira, hamabi garagardo egongo dira probatzeko, eta garagardoen ezaugarriei buruz partekatzeko aukera ere egongo da ekoizleekin.
Garai Brewing Conpanyko Ibon Berriozabalgoitiak jakitera eman duenez, bakoitzak lau garagardo ezberdin ekarriko ditu Markina-Xemeingo azokara. Garai Brewing Conpanyk, esate baterako, Pilsen Ale, American Pale Ale, Hoppy Pils eta Bavarian Ipa eramango ditu, Baobeerrek Urre Jalei, Amerikanua, Wai-iting for Summer eta Tub Abu, eta La Txika de la Cervezak Bizi Bizi American Brown Ale estiloko garagardoa, Bizipa session Ipa motakoa, Wanted white Ipa estilokoa eta Pink Porter piperrauts arrosa eta jamaikarragaz egindakoa. Gargardo horietako batzuk probatzen lehenengoetarikoak izango dira Markina-Xemeingo azokara hurreratzen diren garagardo zaleak. Hoppy Pils garagardoa atera du, esate baterako, Garaik udara begira. «Uda sasoirako bakarrik egin dugu lote txiki bat. Pilsen bat da, baina askoz lupulo gehiagogaz, lupulu freskoagoa darama. Udan edateko garagardo freskoa da», azaldu du Berriozabalgoitiak.
Jendea parte hartzera animatu du Garaiko ekoizleak. «Jendeak kalitatezko garagardoa edateko aukera izango du. Normalean artisau garagardoa probatzen denean edaten jarraitzen da, ez daukate zerikusirik industrialekin. Egundo ikusi ez dituzten zaporedun garagardoak dastatu eta usaindu ahalko dituzte, guztiz ezberdinak».
Rockaren ordua
Egutegiz eta agertokiz aldatuko da Markina Shots rock jaialdi mitikoa. Arrakasta handiz sortu zen jaia indarra galtzen joan da azken hiru urteetan, epe berean inguruetan antolatzen hasi diren beste jaialdi batzuen eraginez. Hori dela eta, garagardo azokagaz bat egin eta abenduko hotzetik ekaineko berorako aldaketa egingo dute.
Sasoiz aldatu arren, sorrerako esentzia mantenduko dutela azpimarratu dute. Horrela, agertoki txikiko jaialdia izaten jarraituko du, eta estilo bera mantenduko dute rock kultura herriratzea helburu. Gainera, zirkuitu komertzialetatik kanpo jotzen duten Euskal Herriko «talde onak» ekartzen jarraituko dute. Hala, MoonShakers Band bilbotarrak, Los Bracco donostiarrak eta Screamers and Sinners taldeak dakartza jaialdiak aurten Kontzekupera. «Lau neskak osatzen dute Moonshaker taldea, eta arrakasta handia edukitzen ari dira jaialdi ezberdinetan, Bracco donostiarrak ere oso onak dira eta Screamers and Sinners psychobilly taldea Markina Shotserako ezin hobea dela uste dugu», aurreratu dute.
Kokapen berria egokia iruditu zaie rock and rolla jendearengana hurreratzeko. «Zirkuitu rockero underground hori Markina-Xemein erdian jarrita jendeak rock and rollagaz harritzeko aukera izango du».
Kontzertuak doan izango dira, eta nahi duenak jaialdiko oroigarri bat ere lortu ahalko du. Izan ere, garagardo bat aterako dute Markina Shots jaialdiko irudiagaz. Bestalde, artisau garagardoen txokoko zuritoak hartzeko edalontziak etxera eramateko izango dira, eta ordaindu egin beharko dira. 200 plastikozko eta 200 kristalezko kaleratuko ditu Jai Batzordeak.