Jaun Zuriaren kondaira ezagutara emango dute etzi bikingoek
Zapatuan Bizkaiko lehen jauna izan zen Jaun Zuriaren kondaira ezagutarazteko jaialdia egingo dute Mundakan. Lehenengoz egingo dute, eta egun osorako ekimenak prestatu dituzte herrian.10:00etan emango diote hasiera, Talan eskainiko duten Erdi Aroko Kanp...
10:00etan emango diote hasiera, Talan eskainiko duten Erdi Aroko Kanpamentu bategaz, eta bertan IX. mendeko eguneroko bizitza nolakoa zen ikusi ahal izango da, ohiko kanpamendu baten berregiteagaz.
11:00etatik aurrera, Arku Tiroen Erakusketa egongo da herriko frontoian, Bermeoko Arku Tiro Elkartearen eskutik. Hurbiltzen direnei arkuagaz aritzeko aukera eskainiko diete.
13:00etan, berriz, Laidatxuko hondartzan egingo dute jaialdiaren ekitaldi nagusia, lehorreratze bikingoa, hain zuzen.
Mundakako hainbat elkarte eta taldek elkarregaz prestaturiko antzezlana izango da, eta Jaun Zuriaren, Bizkaiko lehen jaunaren kondaira taularatuko dute, betiere «kroniketan irakurri ahal dena» irudikatuz.
Antolatzaileek obra prestatzeko egindako lana nabarmendu nahi izan dute, eta hori aurrera eraman ahal izateko jaso duten herriko lagunen laguntza eskertu dute: «Mundakako ia elkarte guztiak batu gara antzezlana prestatzeko, eta lan izugarria egin dugu».
IX. mendeko bazkaria
Antzezlana bukatu ondoren, bazkari herrikoia egingo dute. Herriko plazan bilduko dira parte hartzaileak.
Jakitera eman dutenez, bazkariaren menuan IX. mendeko ohiko platerak eskainiko dituzte: Erdi Aroko entsalada, oilaskoa sagardo erara, eta bukatzeko, gatzatua, nola ez, edateko sagardoagaz batera.
Bazkarirako tiketak herriko tabernetan erosi ahal dira 10 euroren truke: Goikoan, Igontxun, Ibarralden eta La Leñeran, eta 160 pertsonentzako toki mugatua egongo da.
Arratsaldean, aldiz, nagusi zein umeentzako joko bikingoak jarriko dituzte, Talan. Besteak beste, xake bikingoan aritzeko aukera eskainiko dute, eta «ezustekoak» egongo direla iragarri dute.
Jaialdiari bukaera emateko, musikaz alaituko dute gaua. Hurbiltzen direnek Aiama, Zona Cero eta The Idemsen kontzertuez gozatu ahal izango dute 21:00etatik aurrera. Ostean, DJ Siesta Destroyerren emanaldia egongo da, gauari bukaera ezin hobea emateko.
Antolatzaileek jaialdira hurbiltzeko gonbidapena luzatu diete bertako zein inguruko bizilagunei, «egun berezi bat igarotzeko herriko kondairez gozatuz».