Pentsiodunak kexu dira. Pentsioei egin dieten azken igoera (%0,25ekoa) ez da nahikoa pentsiodunentzat, eta horregatik, pentsioen politika goitik behera aldatzea eskatu nahi dute. Bide horretan, zapaturako [maiatzak 26]
mobilizazioak deitu dituzte Euskal Herriko hiriburu nagusietan.
Bilbon, esaterako, 18:00etan hasiko da manifestazioa Jesusen Bihotza plazatik, eta Eibarren, bestalde, Debabarrena eskualde mailako manifestazioa egingo dute 12:00etan, Unzagatik hasita. Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Pentsionistak Martxan eta
LAB Helduak elkarteko kideek protestetan parte hartzeko deialdia egin dute.
Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko pentsiodunak manifestaziorako deia egiten, Ondarroan
Azken asteotako elkarretaratze jendetsuen ostean,
aldarrikapenak kalera aterako dituzte. Eta herritar guztiak deitu dituzte protestetan parte hartzera. Izan ere, pentsio duin publikoen gaia ez dagokie bakarrik pentsiodunei soilik, jendarte osoari baizik. “Denon ardura da, eta guztioi eragiten digu. Gazteagoen etorkizuna ere jokoan dago”, azaldu du Joxe Felix Agilera LAB Helduaken eta Pentsionistak Martxaneko Bizkaiko koordinatzaileak.
Mobilizazioen eskaera nagusia Europako Gutun Sozialak ezarritako
1.080 euroko gutxiengo pentsioa bermatzea baldin bada ere, horregaz batera beste bi eskari egingo dituzte: alde batetik, %0,25eko “igoera ziztrinaren” ordez pentsioak KPIaren arabera igotzea eta beste alde batetik azkenaldiko erreformak deuseztatzea aldarrikatuko dute kalerik kale.
Nabarmendu dutenez, horretarako giltzarri diren
politikariek mespretxu egin diotenaren iritzia dute, gainera. “Gureganako ardura eta errespetu falta agertu dute indarrean dauden gobernuek. Euren erabakietan ez dituzte pentsiodunak kontuan edukitzen. Guk lan egin dugulako aberastasun bat sortu da herri honetan, eta hori lortu dugunak gu izan bagara ez dago eskubiderik holako mespretxua egiteko”, gaineratu dute Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko pentsiodunek.
Pentsiodunak deialdia egiten
Agertu dutenez, euren eskubideak urratu dituzte azken erreformek, eta egungo
egoera oso larria da. Are larriagoa bihurtu da pentsiorik baxuenak dituztenen kasua (emakumeak asko). Pentsiorik txikienak dituztenak ozta-ozta ailegatzen dira hilabete amaierara. Eta hori dela eta, pentsio duin batzuk eskatzea berebizikoa dela nabarmendu dute.
Zenbait herritatik, ostera, manifestazioan parte hartzeko
autobusak antolatu dituzte. Autobusez joan nahi dutenek aldez aurretik eman beharko dute izena. Eguena [maiatzak 24] izango dute horretarako azken aukera.
Izena emateko lekua eta irteera ordutegia:
- Aulesti. Ubilla taberna. 16:30ean, Herriko Plazatik.
- Lekeitio. Jubilatuen elkartea. 16:15ean, San Andres auzotik.
- Mutriku. Anaiarte Biltokia. 10:45ean, Goiko biribilgunetik.
- Ondarroa. Antiguako Ama jubilatuen elkartea. 16:00etan, Ondarroako portutik (Kamiñazpin ere egingo du geldialdia).