Era askotako kirol desafio bitxiak ikusten dira inguruotan, eta zapatuan [maiatzak 26] horietako bat jokatuko da Ondarroan,
Zubi Zahar herri ikastolak antolatuta. Ikastolak 50. urteurrena bete du aurten, eta antolatu dituen ekimenen artean
bi txirrindulari eta bi korrikalarien arteko desafioa dakar, zapatuan, 13:00etan. Aldapa bat, desafio bat eta herritarren artean sortutako ikusmina. Horietxek dira antolatzaileek erabili dituzten osagaiak.
Ikastolak punta-puntako kirolari ondarrutarrak gonbidatu ditu hitzordura, eta HITZA lau protagonistekin batu da duelua egin aurreko orduetan. Dunixe Burgoa eta Eñaut Lertxundi korrikalariak eta Nagore Elu eta Iosu Zenarrutzabeitia txirrindulariak jarriko ditu desafioak aurrez aurre.
Alamedako monolito parean hasi eta Antiguako baseliza aurreko lehenengo zuhaitz pareraino doan bide malkartsua igo beharko dute, ahalik-eta azkarren. Zehatz esanda,
500 bat metroko eta 75 metroko desnibel positiboa daukan igoera bertikala egingo dute. Bidea, egia esan, oso aldapatsua da, bataz beste, %15ekoa.
![Desafioa egin duten lau kirolariak](http://lea-artibaietamutriku.hitza.eus/site/files/2018/05/Desafioa-egin-duten-lau-kirolariak.jpg)
Desafioa egin duten lau kirolariak, Antigua bidean
Azkarren igotzen duen bikoteak irabaziko du norgehiagoka. Ikuskizuna ziurtatuta dago, eta jokoan ezer ez badago ere, erronka egitera ausartu direnek kirolari modura daukaten
ahalmena mugaraino eramango dutela nabarmendu dute. “Aldats gora daukagun guztia emateko prest gaude, eta indarrak ez dauden tokitik ere aterako ditugu, leher egin arte”. Ez da girorik faltako, eta nahi duenak Antiguara bideko hegaletan duelistak animatzeko aukera edukiko du.
Lau duelistek aitortu dutenez, erronka ez da euren ideia izan, baizik eta ikastolako 50. urteurren batzordearena. “50. urteurrena dela eta, ikastola hilero ari da zerbait antolatzen, eta
maiatzean kirolagaz lotutako ekintza antolatzea bururatu zaie. Jendea behar zutela eta, parte hartzeko gonbitea egin ziguten”.
Gonbiteari baiezkoa emateaz ia damutu denik ere badago. Burgoak aipatu duenez, antzerako zer edo zer egiteko konpromisoa hartzen duen “lehenengo eta azken aldia” da. “Gaur gaurkoz proposamen bera egingo balidate, ezetz esango nuke. Ibilbidea bide lau batetik izango balitz baiezko borobila emango nuke, baina hori aldatsa ikusita, gaur gaurkoz ezetz esango nuke”.
Neskek irtengo dute lehendabizi Alamedako monolito aurretik, eta mutilek handik bost minutura irtengo dute
Hori bai, laurek
proba egiteko gogotsu daudela diote. “Desafio polita eta ikusgarria izango da. Eta amaitzen dugunean, gogobeteta sentituko gara”.
Bi txandatan. Erronka bera zelan egin adostu dute, eta dema guztiek batera egin beharrean, indarrak binaka neurtuko dituztela iragarri dute, “
ikusmina handitzeko eta proba bera luzatzeko”. Izan ere, oso proba motza da: lau bat minuturen barruan ailegatzea espero dute denek.
Lehenengo, bi neskek irtengo dute, eta handik bost minutura, mutilek. “Laurok batera eginez gero, elkar oztopatuko genuke. Eta banaka igoz gero, ez daukazu erreferentzia zehatz bat”. Elkarri abantaila ematekotan ere egon dira, baina, azkenean, batera irtengo dute.
Lehia, berriz,
espero baino “zatia estuagoa” dela diote. “Bizikletek alde handiagoa aterako zigutela uste genuen, baina ez dago horrenbesteko alderik”, adierazi du Eñaut Lertxundik.
![Elu, Lertxundi, Burgoa eta Zenarrutzabeitia, Antiguara bidean](http://lea-artibaietamutriku.hitza.eus/site/files/2018/05/Elu-Lertxundi-Burgoa-eta-Zenarrutzabeitia-Antiguara-bidean.jpg)
Elu, Lertxundi, Burgoa eta Zenarrutzabeitia, Antiguara bidean
Txirrindulariek, hain zuzen ere,
mendiko bizikletekin egingo dute dema, baina bizikletek ere nahikoa pisua daukate, aldapa gora joatea zailduz. Nagore Eluren bizikletak, esaterako, 10 kilo pisatzen ditu, eta Iosu Zenarrutzabeitiarenak 12 kilo. “Mendiko bizikletagaz joango ginela adostu genuen. Galtzada harria dagoen tokian, esate baterako, erosoago joango gara, baina bizikletak duen pisu handia dela eta, mantsoago ere joango gara gorako bidean”, aipatu du txirrindulariek.
Laurek argi daukate
erronka gaitza dela, eta azken metroetara indarrez nahikoa estu ailegatuko direla. Indarrak ondo neurtzeak, gainera, berebiziko garrantzia daukala nabarmendu dute. Bestela, “pott eginda” iritsiko lirateke helmugara. “Argi dago dena emanda ezingo dugula irten”.
Proba
gogorra eta neketsua dela bat datoz denak. Batez ere erdialdetik aurrera nekea gehiago igartzen dela aitortu dute. Eta tarte horretan bereziki, bi zati are gogorragoak direla diote. “Ospitale zaharreko parea oso malkartsua da, eta hilerriko ate nagusiko parea –azken errebuelta– ere gogorra da”. Behegaina ere aldakorra da, eta horrek ere eragina duela aipatu dute. “Galtzada harria nahikoa gogaikarria da. Korrika zoazela zapaltzeko orduan ere nekagarria da”, agertu dute Burgoak eta Lertxundik.
Desafioak ikusmin handia sortu du, eta herritar askoren ahotan dabil. Euren arteko giroa ere pil-pilean dago
Euriaren beldur. Galtzada eta aldapaz gain, euriaren beldur ere badirela aitortu dute: “Euriagaz txirrist egin dezakegu, eta horrek arriskua dakar. Batez ere, bizikletan goazenontzat”, diote Eluk eta Zenarrutzabeitiak.
Herritarrek, bestalde, bikote baten edo bestearen aldeko apustuak egin ditzakete. Zehatz esanda, bikote irabazleak zenbat denborako aldeagaz irabaziko duen igarri beharko da. Apustuak Anaitasuna, Badis, Gaztedi, Kulixka, Lagun artea eta Sutargi tabernetan egin daitezke euro baten truke.
Dueluak zer esana eragin du herrian, eta aipatu dutenez, asko galdezka ere badituzte. Hala eta guztiz ere, laurek presio pixka bat sentitzen dutela ere aitortu dute. Herritik kanpo kirol probak egitera ohituta daude, baina herrian bertan maila horretako desafioa egiteak arduratzen ditu. “Desafioa jende guztiaren ahotan dabil”.
Elkarren arteko giroa ere pil-pilean dago, eta kirol proba amaitu ostean, era berezian ospatzeko asmoa daukate laurek. “Hau dena egin eta gero, afari bat-edo egin beharko da”.