Antxoa Eguneko pintxo irabazleak
porrua izan du osagai nagusia, antxoagaz batera. Gorka Urresti eta Iker Basurko
Masillas Beikoziniko sukaldariek adierazi dutenez, frijitutako porruak “azken ikutua eta puntu bereizgarria” eman dio aurtengo pintxo irabazleari, “puntu kurruskari bategaz”.
Pintxoak nahikoa sinplea badirudi ere, osagaiak ondo bateratzea berebizikoa izan dela azpimarratu dute sukaldariek. “Pintxoak
ortuko eta itsasoko zaporeak uztartu ditu mokadu berean”. Ogi xerra eta pintxoari “gozotasuna emateko” poxatutako kipula eta piperrak ipini dituzte gainean maionesa eta soja saltzagaz batera lagunduta. Barazkien ohe gainean hegaluze zatitxo bat eta gainean gazitutako eta ozpindutako antxoa xerra bana ipini dituzte. Eta hori dena biribiltzeko, frijitutako porruagaz eman diote azkenengo ukitua pintxoari.
Beikoziniko pintxo irabazlea
Iaz egin zen lehenengoz txapelketa, eta bigarren sailkatu ostean, aurten aurkeztu diren zortzi tabernen artean sari nagusia lortzea “polita” izan dela aitortu dute. Txapela irabaztea pozgarria izan baldin bada ere, are politagoa izan da eurentzako Ibou Saar sukaldeko laguntzaileak txapela jaso duen unean izan duen
poz aurpegia. “Berak jaso zuen saria, sukaldean lanez gainezka geunden eta. Asko hunkitu zen, eta bera hain pozik ikusita, horretxegatik merezi du herritarrengandik jasotako merezimendu sari hau jasotzea”.
Pintxoa oraindik ere probatu ez duenak horretarako aukera izango du Beikozinin, datozen bi asteburuetan
Mota horretako sariek tabernariak ere
jaian murgiltzera animatzen dituztela pentsatu nahi dute aurtengo irabazleek. “Zenbat eta jende gehiagok parte hartu lehiaketan, aberatsagoa dela uste dugu. Hori dena onuragarria da herriarentzat”.
Aurreko domekan [maiatzak 20] ehunka pintxo irabazle prestatu zituzten, eta Beikozinira gerturatu zirenek ortua eta itsasoa uztartzen dituen pintxoa dastatzeko aukera eduki zuten. Hori bai, oraindik ere pintxoa probatu ez duenak edukiko du horretarako aukera
datozen bi asteburuetan Beikoziniko eskaintza zabalaren artean.
Erabilera anitzeko aretoa. Ondarroako erdigunean dago Beikozini aretoa, Alameda alboan (Iparragirre Kalea, 10). Aretoak 09:30ean zabaltzen ditu ateak astegunetan; eta asteburuetan, berriz, 10:00etan. Egunero gosari zerbitzua ematen dute, eta eskaintza berezien artean kafe eta pintxoa 2,75 euroren truke gosaltzeko aukera dago.
Eta ohiko taberna zerbitzuez gain, eguneroko menu zerbitzua eskaintzen dute. Sukaldean astelehenetik domekara prestatzen dira bazkariak, eta bertan
250 lagunek jan dezakete. Barikua, zapatu eta jai egun bezperetan, afariak, plater konbinatuak, errazioak eta ogitartekoak ere zerbitzatzen dituzte. Udan, gainera, egunero afari zerbitzua eskainiko dute uztailaren 16tik abuztuaren 31ra bitartera.
Ines Uriarte, Ibou Saar eta Alberto Markuerkiaga, sariagaz
Zerbitzua
bezeroaren beharrizanetara egokitzen dute, eta behar izanez gero, enpresetarako eta kuadrillentzako bazkariak, afari pribatuak, kintadak, ezkontzak, jaunartzeak, bataioak… eta antzerako ospakizunak egiteko aukera zabala dago Beikozinin. Areto nagusia edo goiko aretoa aloka daitezke horretarako.
Baina jatetxe eta taberna zerbitzua baldin badu ere, erabilera anitzeko aretoa ere bada, eta bertan hainbat eratako kultur jarduerez gozatzeko aukera ere eskaintzen diote publiko zabalari. Musika kontzertuak, ikasturte bukaerako ekitaldiak, antzerkia, errezitalak, hitzaldiak, kabareta, dantza, bertso saioak…
Eskaintza kultural zabal eta anitza eskaintzen du Beikozinik bere bezeroentzat, goizetik gauera. “Ondo pasatzeko leku bat izatea nahi dugu, jendeak parte hartzekoa”.
Azken urteotan arrakasta izan duen kabareta bueltatuko da. Kabaret obra berria prestatu dute negurako
Unean uneko aldaketa emanda, gainera, jatetxe arrunta izatetik
596 lagunentzako dantzaleku edo parranda egiteko toki ere bihurtzen da denbora gutxian. Hori da Beikoziniren berezitasunetako bat, “bezeroaren nahietara egokitzea aldian-aldian”.
Datozen ekitaldiei dagokienez, Non Servium taldearen kontzertua egongo da bariku [maiatzak 24] gauean Beikoziniko oholtza gainean. Ekainaren 2an, berriz, afaria eta osteko dantzaldia egongo dira aukeran. Eta ekainaren 2an Markos Unzetaren txanda izango da; bere doinuek girotuko dute aretoko oholtza. Beikoziniko arduradunek adierazi dutenez, gainera, udako bariku gauetan
kontzertu txikiak egiteko asmoa dute, afarien ostean.
Negura begira, ostera, bestelako ekitaldiez gozatu ahal izango da. Besteak beste, azken urteotan arrakasta izan duen kabareta bueltatuko da. “Kabaret obra berria prestatu dugu. Abenduko zubian lau emanaldi egiteko asmoa daukagu, eta gero, udara arte, hileko bariku batean emanaldi bana egingo da”.