Erabakitzeko eskubidea mahairatuko dute martitzenean, Lekeition
Erabakitzeko eskubidearen inguruko mahai ingurua antolatuko du Lekeitioko EH Bilduk datorren martitzenean, 19:00etan, Lekeitioko kultur etxean. Erabakitzeko eskubidearen aldeko hiru ekimenetako ordezkariak parte hartuko dute solasaldian: Gure Esku Dago...
«Aspaldiko aldarrikapena dugu euskaldunok erabakitzeko eskubidea. Eta aspalditik diogu bide demokratikoetatik abiatuz gauzatu behar dela. Estatu bien borondate politiko militarrak, ostera, ukatu egiten digute edozein bitarteko antidemokratiko erabiliz», adierazi dute.
Euskaldunak estatuen ukazioaren gordintasuna pairatu izan dutela diote, eta hala izango dela aurrerantzean ere. «Berdintsu ari dira pairatzen gure lagun katalanak azken sasoian. Baina ez gaude prest belaunikatzeko eta tinko eutsiko diegu estatuen erasoei, zilegitasun osoaren jabe gara eta».
Bide batez GED-k ekainaren 10ean deitutako giza katean parte hartzera animatu dituzte herritar guztiak. «Herritar guzti-guztiak, independentistak izan ala ez, animatu nahi ditugu mobilizazio erraldoi horretan esku hartu dezaten. Kargutu gaitezen jokoan ez dagoela proiektu politiko jakin bat, demokraziaren oinarrizko printzipioak baino», azpimarratu dute.