Otxandio eta Agurain lotuko ditu Karkabiaren Udaleku Ibiltariak
Otxandiotik Agurainerako bidea pausoz pauso eta abenturaz abentura zipriztintzeko asmoz dator aurten Lekeitioko Karkabia elkarteak antolatzen duen Udaleku Ibiltaria. Aurtengo udalekua uztailaren 10etik 16ra bitartean izango da.Karkabiakoek azaldu duten...
Karkabiakoek azaldu dutenez, Lekeitioko gazte eta nerabeen arteko harremanak sendotu, ondo pasatzeko modu berriak esperimentatu, taldean bizi zein gozatu eta naturarekiko eta taldearekiko errespetuan oinarritutako ekimen bat eraikitzea da Udaleku Ibiltariaren helburu nagusia. Eta uztaileko abenturari forma ematen joateko, hitzordua jarri dute ekainaren 9an, 09:00etan, Eskolapean, «eguna elkarregaz igarotzeagaz gainera guztien artean udalekua zehazten hasteko».
Otxandiotik Ubiderakoa izango da lehenengo etapa, biharamunean Gorbeiako parke naturala inguratu eta inguruko ur jauzi batean atseden hartuta, Murgiara abiatzeko. Murgiatik Gasteizera egingo dute hirugarren etapa, eta Arabako hiriburua atzean utzi eta ekialderantz hartuko dute bidea ondoren, Ozaeta ezagutu eta azken arrastoak Agurainen uzteko.
Ekainaren 8ra arte egongo da udalekuetan izen emateko aukera. Horretarako, 695 71 26 68 telefono zenbakira idatzi behar da. Aurtengoa ere ondo pasatzeko nahiz gozatzeko aukera bikaina izango dela nabarmendu dute.