Mutrikuk arrain lonja behar duela nabarmendu dute EH Bilduko kideek, eta horren inguruan, mozioa aurkeztu dute. Gaia eguenean [maiatzak 31] 19:00etan egingo den udalbatzaren osoko bilkuran aztertuko da, eta EH Bildukoen nahia mozioa udalbatza osatzen duten
hiru koalizioek bateratuta onartzea da.
Agertu dutenez, aspaldian egin diren hausnarketak kontuan hartzen badira, herriaren etorkizuna artisau arrantzarekin eta akuakulturaren garapenarekin estuki lotuta dagoela aurreikusi dute. Euren ustez, eta beste hainbat alor ekonomiko baztertu gabe,
lehen sektoreak berebiziko garrantzia dauka orainari zein etorkizunari begira. “Arrantzak bere tokia eta bere pisua izan beharko luke etorkizunean. Jakin badakigu zein den arrantzaren egoera, eta egia da, bizpahiru itsasontzi baino ez daude Mutrikun. Baina, uste dugu ez dugula etsi behar, etorriko direla aldeko olatuak eta prest egon behar dugula horretarako”.
Mutrikuko portua, artxiboko irudian
Mutrikun ia ez dago itsasontzirik, eta diagnostiko hori kontuan hartuta, Jaurlaritzak “Mutriku turismoari erabat lotutako portua” bihurtu nahi duela adierazi dute. “Honen aurrean, gure herriko alderdi guztiok lan gehiago egiteko prest gaude, baina beharbada orain artean erakutsi ez dugun elkarlana oinarri hartuta, batera jarduteko unea iritsi zaigula uste dugu”.
Arrantza sustatzeko arrain lonja
“behar-beharrezkoa den azpiegitura” dela azpimarratu dute. “Salerosketa eskaintza eman ahal izateko, bertako zein kanpoko itsasontzi batzuk erakartzeko, eta era honetan, arrantzari dagokion pultsoa erabat ez desagertzeko eta etorkizunari beste perspektibarekin begiratzeko”.
EH Bilduren udal taldeak arrantza sailburuordearekin bilera adostu zuen apirilerako. Baina berau atzeratu ostean, oraindik ere ez dute beste deialdirik jaso
Bide horretan, hainbat ahalegin burutu dira azken urteotan.
2014ko urrian, EAJk eta EH Bilduk erdibideko zuzenketa onartu eta sinatu zuten Eusko Legebiltzarrean, EH Bilduk aurkeztutako Legez Bestesko Proposamenaren aurrean. “Bertan, bere lehen puntuan, Legebiltzarrak zera eskatzen zion Jaurlaritzari: arrain salerosketarako beharrezko diren instalazioak
2015eko otsailerako egokitzea”.
Horrez gain, EH Bilduren udal taldeak, talde bereko bereko legebiltzarkideekin batera, Bittor Oroz sailburuordearekin bilera bat adostu zuten 2018ko apirilaren 12erako, baina azken unean atzera bota zela jakitera eman dute, udal osoarekin egitea lehenetsi zelako. “Gure aldetik prestutasun osoa erakutsi nahi diogu erabaki honi, elkarrekin lan egiteari, alegia, baina dagoeneko
40 egun baino gehiago pasatu dira, eta ez dugu inolako deialdirik jaso”.
Erantzunik ez dutenez jaso, EH Bilduk eskaera udalbatza osoari luzatu nahi dio bihar osoko bilkuran aztertuko den mozioarekin. Alde batetik,
arrain lonjaren nahi eta beharra berrestea eskatzen dute, eta, bestetik, 2014ko urrian Eusko Legebiltzarrak onarturiko Legez Besteko proposamenaren lehen puntua bete dezala lehenbailehen (arrain salerosketako beharrezkoak diren instalazioak egokitzea, alegia). Azkenik, udalbatza sortzen duten hiru taldeak Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jartzea ere eskatzen dute, “herri honen nahia eta asmoa behingoz bete dadin”, eta horretarako alkatetzari horren ardura hartzeko eskatzen diote.
[HONEKIN LOTUTA]
Mutrikuko arrain lonjari buruz sinatutako erdibideko zuzenketa