Eskualdeotako zazpi bertsolari sailkatu dira Udazkeneko faserako
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako Udaberriko fasea bukatuta, Udazkeneko fasean abestuko duten bertsolariak zeintzuk izango diren erabakita geratu da. Busturialdeko bost bertsolari izango dira bertan: Ander Elortegi Garatea, Julen Erezuma Arzanegi, Asier...
Uda ostean helduko diote berriz txapelketari; Udazkeneko fasea urrian abiatuko da. Bost kanporaketa, hiru finalaurreko eta finala edukiko ditu.
Kanporaketetan 30 bertsolarik parte hartuko dute. Sailkatutako bertsolariei 2014ko finalistak gehitu zaizkie. 29 izan dira puntuazio bidez udazkenean kantatzea lortu dutenak, 2014ko finalista bakarrak eman baitu izena txapelketan. Oihana Bartra Arenas bertsolariak, hain zuzen ere.
Udazkeneko fasea bukatzen denean, hemezortzi bertsolarik kantatuko dute finalaurrekoetan, eta 2016ko finalistak gehituko zaizkie: horien artean daude Onintza Enbeita Maguregi, Ibon Ajuriagogeaskoa Garmendia, Nerea Ibarzabal Salegi eta Xabat Galletebetia Abaroa. Finala Bilbon izango da, eta zortzi bertsolarik parte hartuko dute.
Azken saioa
Udazkeneko faseko sailkatuak asteburuan jokatutako saioaren ostean eman zituzten ezagutzera Bertsozale elkartekoek.
Saio horretan Gurutz Uruburu Ibarguengoitia muxikarra eta Eneko Arrate Sololuze markinarra aritu ziren.
Lehenengoa Arkaitz Zipitria Mendizabal izan zen 165 puntugaz, eta Udazkeneko faserako tokia lortu zuen. Eneko Arrate Sololuze markina-xemeindarrak hirugarren postua lortu zuen Mikel Aiartzaguena Agirrebeitiaren atzetik. Gurutz Uruburu Ibarguengoitia, berriz, bosgarren postuan sailkatu zen. 148 puntu eskuratu zituen.