Mutrikuko Idurre Guraso Elkartearen, Saturran Guraso Elkartearen eta San Miguel ikastetxearen ekimenez, Marea Urdina Autismoaren aldeko igeri zeharkaldiari buruzko nondik norakoak azaldu zituen Aritz Orbegozok astelehenean [maiatzak 28] Mutrikuko Zabiel kultur etxean.
Orbegozok Autismoa duen semea du, eta beste hiru lagunekin batu, eta jendartea Autismoaren Espektroko Nahasketa (AEN) dutenen inguruan sentsibilizatzeko zerbait handia egin behar zutela erabaki zuten duela hilabete batzuk. Denak ere igerilariak izandakoak direnez, Gipuzkoa osoa igeri gurutzatzea bururatu zitzaien. «Modu horretan sortu zuten Marea Urdina taldea».
Aurkezpenean batu ziren hainbat herritar Marea Urdina egitasmoari babesa ematen
Zeharkaldia uztailaren 8an hasiko da Mutrikuko Saturraran hondartzan eta hurrengo egunean bukatuko da, Hondarribian. Bi egunetan banatuta, 34 itsas milia egingo dituzte igeri gelditu ere egin gabe. Lehen bi zatiak Saturraran-Mutriku eta Mutriku-Deba izango dira, zehazki. Gaineratu dutenez, egun bien bukaeretan festa egingo da Orion eta Hondarribian.
70 bat igerilarik parte hartuko dute zeharkaldian, eta tartean mutrikuarrak egongo direla ere aipatu zuen Orbegozok. «Gehiagok ere parte hartu nahi izan dute ekintza solidario honetan, baina segurtasunagatik ez dugu gehiago onartu». Guztiek erritmo bakarrean egingo dute igeri. «Guztiek batera egingo dute igeri. Inor ez da aurretik edo atzetik joango». Nabarmendu dutenez, igerilariak anonimoak izango dira, «inongo protagonismorik gabe».
Zeharkaldian parte hartuko duten igerilariek lekuko berezia eramango dute Korrikan bezala, mezu eta guzti
Zeharkaldi nagusia 70 bat igerilarik egingo baldin badute ere, tartean beste zeharkaldi txikiagoak ere egingo dira aldi berean, Deban, Zumaian, Zarautzen eta Donostian. Lau herri horietara Marea Urdina hurbiltzen denean tarte hori batera igeri aukera izango dute beste hainbat herritarrek. Horretarako aurretik eman beharko da izena. «Jendea gonbidatzen dugu etapa horietan parte hartzera. Igeri ez bada ere, txalupan, kanoan… guri animoak ematera etortzera ongi etorriak izango zarete. Inguruan zenbat eta giro gehiago egon, hobeto».
Zeharkaldia, azkenik, uztailaren 9ko 18:00ak inguruan ailegatuko da Hondarribiara, eta azken metroak eurekin batera igeri egiteko beste aukera bat egongo da. Igeri doazenek, gainera, Korrikan egiten den modura, lekuko bat eramango dute gerritik lotuta eramango dute buia baten barruan, eta buia horren barruan mezu berezi bat egongo da idatzita. «Zeharkaldiaren azken metroetan Austimoa duen batek eramango du mezu hori igeri».
Egitasmoaren antolatzaileek azpimarratu dutenez, «elkartasunezko olatua» sortu da egitasmoaren inguruan. Babes handia jaso dute, eta egitasmoa munduan zehar ere zabaldu da. «Marea Urdina ez da igeriketa bakarrik. Igeriketa aitzakia bat da. Egitasmo honen helburua jendartea Autismoaren inguruan kontzientziatzea da, eta hori modu batera edo bestera lortzen ari garela uste dugu. Egia esan, Marea Urdinaren inguruan oso gauza politak sortu dira». Laister Urdingunea kantuaren bideoklipa ere grabatuko dute; orain koreografia entsegatzen ari dira.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.