Markina-Xemein Esku Pelota Taldeak Herriartekoan aurrera egitea jokatuko du
Bueltako partidu erabakigarria lehiatuko dute zapatuan etxean Dimako taldearen kontra. Lea Ibarra Motrollo taldeak Zeanuri izango du aurkari Munitibarren jokatuko duen norgahiagokanMarkina-Xemein Esku Pelota Taldeak jardunaldi erabakigarria edukiko du ...
Bueltako partidu erabakigarria lehiatuko dute zapatuan etxean Dimako taldearen kontra. Lea Ibarra Motrollo taldeak Zeanuri izango du aurkari Munitibarren jokatuko duen norgahiagokan
Markina-Xemein Esku Pelota Taldeak jardunaldi erabakigarria edukiko du asteburuan, Bizkaiko Herriarteko Txapelketan aurrera egin ahal izateko. Joan den asteburuan 2 eta 1 irabazita, final laurdenetako bueltako partidua jokatuko du Dimaren kontra zapatuan Markina-Xemeingo frontoian, eta partidu gogorrak izango direla aurreratu du Pello Urionabarrenetxea taldearen entrenatzaileak. «Markina-Xemeinen erabakiko da zeinek egingo duen aurrera».Diman 2-1 irabazi izana abantaila dela dio Urionabarrenetxeak, baina emaitza estua dela ikusten du, «ez dago ezer erabakita». Diman jokatu zuten pilotari berberak aterako dira Markina-Xemeingo kantxara. Kadeteen mailan Ibarloza eta Egurrola, gazte mailan Agirreamalloa eta Malasetxebarria eta nagusietan Albizu eta Pujana. Diman jokatu zuten joaneko jardunaldian irabazi egin zuten gazte eta nagusien mailetan eta kadeteetan galdu. «Gure kadeteak gaztetxoak dira. Ibarlozak gazte mailan jokatzen du, eta maila honetako aurkariak bi urte zaharragoak dira. Adin hauetan tarte hori nabari egiten da», azaldu du entrenatzaileak.
Dimakoak atzean gelditzen ez badira ere, Markina-Xemeingo taldeak bikote ona dauka gazte mailan. Nagusietan, berriz, lehia handiaren ondoren gailendu ziren Albizu eta Pujana. 22 eta 19 irabazi zuten. Beraz, borroka handia egongo dela uste du Urionabarrenetxeak, eta tanto guztiak garrantzitsuak izango direla dio. «Ez da erraz egongo. Herriartekoan urduritasun gehiago egoten da, tentsioa nabaritzen da giroan».
Hori dela eta, eskupilota zale eta herritar guztiak oro har, animatzera gonbidatu ditu taldeak. 16:30ak inguruan hasiko da lehia.
Motrollo kolokan
Markina-Xemeingo taldeak aurrera eginez gero, zapatuan bai eta ere erabakiko den Lea Ibarra Motrollo eta Zeanuriren arteko norgehiagokatik garaile ateratzen denaren kontra lehiatuko luke hurrengoan. Partida gogorra izango du baita Lea Ibarreko taldeak. 2-1 galdu zuten joan den asteburuan, eta aurrera egitea ez dute erraz edukiko. Etxean jokatuko dute, Munitibarren, 17:00etan. Hala ere, irabaztea gaitz ikusten du Unai Iglesias entrenatzaileak. «Zeanuri faboritoetako bat da, talde oso gogorra». Kadeteetan Enbeita eta Beitia pilotariek jokatuko dute, gazte mailan Okamikak eta Anituak eta nagusietan Zugadik eta Uriondok.