Ondarroan Kongora bildatzeko mugikor bilketa solidarioa egiten ari dira,
Zubi Zahar herri ikastolako DBH3ko ikasleen ekimenez. Ikasleak proiektu bat lantzen egon dira eskolan, eta kanpaina orain
Alboan Gobernuz Kanpoko Erakundeagaz elkarlanean egiten ari dira.
Mugikorrak batzeko herriko hainbat lekutan kaxak ipiniko dituzte, eta ikasleek adierazi dutenez,
mugikorrez gain, tabletak eta ordenagailuak ere jasoko dituzte. Honako tokietan egingo dute bilketa: ikastolako zuzendaritzan, Kulixka eta Anaitasuna tabernetan eta Carrefour supermerkatuan. Ikasleek jakitera eman dutenez, kanpaina zabalik egongo da ekainaren erdialdera arte.
Zehatz esanda, Alboanek martxan duen
Gatazkarik gabeko teknologiak proiektuaren barruan egingo dute mugikor bilketa. “Proiektu honen helburua honakoa da: mugikorrek, tabletek eta ordenagailuek Kongoko Errepublika Demokratikoko ekialdeko gerragaz duten lotura ezagutzera ematea. Eta, era berean, eskura ditugun lankidetza proposamenak planteatzen dizkigu indarkeria geldiarazten laguntzeko”.
Kongoko Errepublika Demokratikoa, batez ere herrialdearen ekialdea, munduko meatzaritza gune garrantzitsuenetako bat da. “Han dago koltanaren munduko erreserben %80a, eta mineral hori gabe ezinezko izango zen teknologia berrien iraultza, bereziki teknologia mugikorrarena”. Mineralaren erauzketa, prozesamendua eta salmenta talde armatuek kontrolatzen dute, eta “infernurik okerrena” bihurtu dute Kongo. Bost milioi lagunetik gora hil dira 1998tik, esate baterako.