Mutrikuko
Burumendi mendizale elkarteak antolatuta, Arnoko XIV. Mendi lasterketa eta ibilaldia egingo dira domekan [ekainak 3], Mutriku inguratzen duten lurretan zehar. Antolatzaileek iragarri dutenez, ibilaldi herrikoian 350 lagun inguru batzea espero dute; korrika 100 bat lagun eta 250 bat lagun oinez.
Izen ematea gaur [maiatzak 31] amaituko da, eta oraingoz, 84 korrikalarik eta 102 mendizalek eman dute izena kirol proban, baina mendi ibilaldian parte hartu nahi duten oinezkoek
domekan bertan izena emateko aukera izango dute kirol proba hasi baino ordu erdi arinago, Goiko Plazan ipiniko den mahaian. Korrikalariek, berriz, ez dute aukera hori izango.
Arnoko mendi ibilaldialdian parte hartu zuten mendizale batzuk, iazko proban. Argazkia: Burumendi
Antolatzaileek iragarri dutenez,
urteroko ibilbide bera osatu beharko dute parte hartzaileak. Goiko Plazatik irten eta berriro ailegatu bitartean San Juan, Galbaixo, Apain, Arno, Ameikutz, Kostolamendi, Berrosasi, Pikupe, Galdona eta Santa Elenatik igaro beharko dute, besteak beste.
Irtetzen lehenak ibilaldian parte hartu dutenak izango dira. 08:00etan irtengo dute Goiko Plazatik, eta korrikalarien txanda, berriz, 10:00etan izango da. Helmugara iritsi aurretik bateko zein besteko parte hartzaileek
22 kilometroko eta 1.097 metroko desnibel metatua duen ibilbidea osatu beharko dute. Hortik 17,6 kilometro mendiko bideetan barrena izango dira, 1,3 kilometroko zementozko pistetatik zehar eta 3,05 kilometro asfaltotik zehar.
Jakitera eman dutenez, bestalde, parte hartzaileak
13:15ak orduko iritsi beharko dira Goiko Plazara; izan ere, sari banaketa 13:30ak bueltan egingo da. Parte hartzaile guztiek jasoko dute saria. Antolatzaileek kamiseta bana banatuko diete oinezkoei, eta korrika egiten dutenek, gainera, herriko kontserbez osaturiko poltsa bat ere jasoko dute opari. Lasterketako lehen hiru sailkatuek, bestalde, sariak izango dituztela gogorarazi dute antolatzaileek. Era berean, Mutrikuko lehenak eta beterano mailako lehenak ere, garaikur bana jasotzeko aukera izango dute. Sari banaketa amaitu eta gero, hainbat produkturen zozketatuko dituzte.