EH Bilduk esan du «hanka motz» dagoela Gaztelugatxerako proiektua
Aldundiak martxoan egindako proposamena «osatuagoa» izatea espero zuen koalizioak. Ingurumen diputatuak erantzun du konprometituta daudela GaztelugatxegazBizkaiko Foru Aldundiak aurkeztutako Gaztelugatxeko San Joan, aukera bat itsasertzearentzat prop...
Aldundiak martxoan egindako proposamena «osatuagoa» izatea espero zuen koalizioak. Ingurumen diputatuak erantzun du konprometituta daudela Gaztelugatxegaz
Bizkaiko Foru Aldundiak aurkeztutako Gaztelugatxeko San Joan, aukera bat itsasertzearentzat proposamenaren inguruko itauna egin dute Josu Unanue eta Meritxel Elgezabal EHBilduko batzarkideek Bizkaiko Batzar Nagusietako Osoko Batzarrean.Aldundiak martxoaren 20an aurkeztu zuen Gaztelugatxeren 436 orriko proposamena; hainbat arloko eragile publiko eta pribatu batu zituen biotopoaren etorkizuna erabakitzeko, batez ere, ingurumenaren jasangarritasunaren alde egiteko asmoz.
Elgezabalek adierazi duenez, gabezia batzuk ikusi dituzte aldundiaren proiektuan, eta horren inguruko hainbat zalantza eta galdera sortu zaizkie. Zehaztapenak egiteko eskatu diete aldundiko ordezkariei, herritarren artean «kezka handia» sortu baita proiektuaren ondorioz.
Gaztelugatxe «bizkaitarren eta bermeotarren altxorra» dela nabarmendu du Elgezabalek, eta aldundiaren proiektuak argitu gabeko gai asko dituela uste dute. Batzarkidearen berbetan, «herritarren egunerokotasunean nolako eragina izango duen ikusita», proiektuaren inguruko zalantzak argitzea «ezinbestekoa» da. Elgezabalek adierazitako zalantzen artean, ekimenaren lehentasunak «zeren arabera eta nork» erabakiko dituen eta epe labur edo ertainean burutuko diren ekintzek zer nolako «eragina» izango duten daude: «Badakigu jardunketa faseetan egingo dela, baina zer nolako epeak izango dituzte? Zeri eman zaio lehentasuna?» galdetu du. Ekintza bakoitzari lotutako partida ekonomikoari buruz ere hitz egin nahi izan du batzarkideak.
180.000 euroko aurrekontuagaz proiektu «osatuago» bat aurkitzea espero zuten EH Bildukoek, eta planagaz «zorrotzagoak» izan behar direla adierazi dute: «Sortu berri den proiektu hau apur bat hanka motz dagoela ikusten dugu».
Bukatzeko, halako proiektu bat aurkezteko behar izan duten denbora guztia aurpegiratu die Elgezabalek: «Bermeok eta Bakiok aldarrikapenak egin dituzte, eta ez dira kontuan hartu. Zergatik ez da ezer egin aurreko urteetan?».
Elena Unzueta Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen diputatuak erantzun du, eta bere berbetan, «proiektua martxoaren 20an aurkeztu zen, eta egun berean eragile guztiek jaso zuten proposamen hori».
Harrituta azaldu da, eta gogoratu du EH Bilduren interpelazioan egindako galdera «guztiak» apirilaren 18an Bermeon egindako herri asanbladan erantzun zirela: «Azalpenak luze, zehatz eta argi emateko aukera izan genuen».
Unzuetaren arabera, «oso erraza da inolako konpromisorik hartu gabe» proiektua gustukoa ez dela esatea, baina plana aurrera eramateko «giza baliabideak eta ekonomi baliabideak» behar direla adierazi du.
Proiektuari dagokionez, proposamenak egiteko azken eguna ekainaren 20a dela argitu du, «proposamen irekia» dela nabarmenduz; «edozein eragilek egin ditzake ekarpenak».
Aldundia Gaztelugatxegatik «pauso bat» ematera komprometitu zela eta horrela egin dutela azpimarratu du Unzuetak. Era amankomunean zerbait egitea «beharrezkoa» zela iritzita erabaki zuten plana aurkeztea, eta horretarako «administrazioetako eragileekin» harremanetan jarri zirela azpimarratu du.