Hamasei traineruk parte hartuko dute Mutrikuko XIX. banderan
Zapatuan [ekainak 2] nagusi mailako gizonen traineru estropadak egongo dira Mutrikun. KAE1, KAE2 eta TKE arraun ligetako hamasei traineru batuko dira 17:00etatik aurrera Mutrikuko uretan. Denak ere nor baino nor gehiago ariko dira Mutrikuko XIX. banderaren bila.
Hurrengo asteetan hasiko den traineru denboraldirako prestaketa lanak egiteko balioko duen estropada izango da , eta berritasunen artean Mutriku Arraun Taldeko arraunlariek traineru estreinatu berriarekin parte hartuko du aurten lehian. Parte hartzaile guztiek, ohi bezala, lau luze eta hiru ziaboga egin beharko dituzte Mutrikuko traineru estropada eremuan.
Etxeko trainerua lehen txandan uretaratuko da Getxo, Arkote eta Orio B taldeekin batera. Eta handik hiru minutura Lapurdi, Zumaia, Isuntza eta Zarauzko arraunlariak uretaratuko dira. Lehenengo txandako zortzi traineruek estropada amaitzen dutenean jokatuko da bigarren txanda, eta bertan Getaria, Pasai Donibane, Itsasoko Ama eta Kaiarriba ariko dira nor baino nor. Azkenik, hirugarren txandan, Hondarribia, Urdaibai, Kaiku eta Ondarroaren txanda izango da.