Karraspion TAO zerbitzua ezarriko dute, ekainetik irailera
TAO zerbitzua ezarriko dute Karraspio hondartzako aparkalekuetan, bihar hasi eta irailaren 30era bitartean.Beraz, 10:00etatik 20:00etara aparkatu gura duenak ordaindu egin beharko du. Gutxieneko denbora 30 minutuan ezarri dute, eta gehienez 10 orduz ut...
Beraz, 10:00etatik 20:00etara aparkatu gura duenak ordaindu egin beharko du. Gutxieneko denbora 30 minutuan ezarri dute, eta gehienez 10 orduz utzi ahalko da zerbitzua martxan dagoen denbora.
Ibilgailua ordu erdiz aparkatuta uzteagatik 50 zentimo ordaindu beharko dira, eta hamar orduz utziz gero, 10 euro.
55 aparkaleku daude, eta horietatik sei mendexarrentzat erreserbatu dituzte.
Herrikoentzat txartela
Udalerrian erroldatutakoek edota Mendexako erroldan agertzen diren ibilgailu baten edo gehiagoren jabeak diren egoiliarrek 3 euroko txartela eskuratu dezakete udaldi osorako.
Gutxienez bi urte erroldatuta egotea ezinbestekoa da, bai eta udalagaz zorrik ez izatea ere. Eskaera orria udaletxean zein udalaren webgunean www.mendexa.net eskuratu daitekeela jakitera eman dute.
Bi makina jarriko dituzte, eta lan eskaintza publikoaren bidez, bi langile kontratatu ditu udalak; langile bakoitzak 5 orduko lanaldia izango du.
Jesus Maria Anakabe Txakartegi Mendexako alkateak azaldu duenez, Karraspion udan aparkatzeko sortzen diren arazoak ekidin asmoz hartu dute neurria:«Aldundiko arduradunek esan ziguten aurtengo hondartza denboraldian hondartzainek ez zutela ibilgailuen sarrera-irteera kontrolatuko, euren eskumena edo ardura ez delako. Beraz, udalak beregain hartzea erabaki zuen. Bi aukera genituen, libre utzi edo udalak kontrolatzea. Libre utziz gero, arazoak sor litezke, eta, beraz, TAO jartzea erabaki genuen». Gogoratu du uztailean eta abuztuan autobus zerbitzua egongo dela.